Domina du helburu Iñigo Peñak Mundialean

Baleike 2014ko abu. 6a, 10:55

Iñigo Peñari iritsi zaio denboraldiko erronka nagusiari aurre egiteko ordua. Asteburuan Munduko Txapelketak jokatuko dira Moskun, eta han izango da Itxas-Gaineko piraguista, Espainiako selekzioko lauko ontzian mila metroko distantzian lehiatzen. “Gure helburua domina lortzea da. Aurten Munduko Kopako proba bat irabazi ondoren, Munduko Txapelketan domina da gure buruari jarri beharreko erronka”, erantzun du Peñak Errusia aldera abiatu aurretik. Itxaropenez, ilusioz eta konfiantzaz beteta darama motxila.

Peñak badu baikor izateko arrazoirik. Bi urte daramatza laukote berberak lanean, eta aurten hobekuntza nabarmena sumatu dute. “Iazko denboraldiarekin alderatuta askoz hobeto gaude, piragua oso ondo doa. Lan handia egin dugu neguan eta esan dezaket oraintxe gure punturik onenean gaudela”. Gainera, maiatzean Milanen Munduko Kopa irabazi zutenetik denborak segundo eta erdi jaisteko gai izan dira, eta horrek segurtasun handia eman die. “Denborei begiratzen badiegu, onenen pare gaude. Lauzpabost talde gaude maila gorenean, eta horietako edonork irabaz dezake. Nik esan dezakedana da sasoi betean gaudela eta, gauzak ondo egiten baditugu, domina lortzeko aukerak dauzkagula”.

Aurkari gogorrenak izendatzeko eskatuta, Txekiar Errepublika eta Australia nabarmendu ditu. “Estropada egunean nerbioak ondorenmenperatzen dituenak eta estrategiarekin asmatzen duenak irabaziko du; hori izango da giltza”. Peña eta lauko piraguako beste hiru kideentzat ostiralean hasiko da lehiaketa, finalaurrekoarekin. Dena ondo bidean, igandean finala jokatuko dute.