Irati Osa ere Munduko Txapelketara

Baleike 2014ko abu. 5a, 11:18

Itxas-Gain elkarteko hiru piraguista izango dira irailaren 25etik 28ra Oklahoman (AEB) jokatuko den maratoi distantziako Munduko Txapelketan. Imanol Barruetabeña eta Unai Gerekak poltsikoan zuten txartela, eta azken orduko berria da Irati Osak ere lortu duela. Ainhoa Hidalgorekin hartuko du parte, K2an.

Azken erabakiaren zain

Estefania Fernandezen erabakiaren zain egon dira azken orduotan. Fernandezek K1ean edo K2an lehiatzeko aukera zuen eta azkenean bakarkako proba aukeratu du. Horrek atea zabaldu die Irati Osa eta Ainhoa Hidalgori, beraiek izan baitziren bigarren Pontevedrako Espainiako Kopan. Lorpen handia da Itxas-Gainentzat jubenil mailako hiru piraguista Munduko Txapelketan lehiatzea. Gogoan izan asteburu honetan bertan Iñigo Peñak esprint distantziako Munduko Txapelketan hartuko duela parte Espainiako selekzioko K4arekin, maila gorenean.

Errifa dirua lortzeko

Espainiako Federazioa ez da bidaiaren gastuen kargu egiten eta piraguista bakoitzak lortu behar du dirua. Bidaiatzeko 3.000 eurotik gora behar du bakoitzak eta Itxas-Gain lanean ari da diru hori lortzeko. Euskal kirolari ezagunek emandako hainbat produktuz osatutako errifa jarri dute martxan, besteak beste.