Irati Osa, Mundialerako azken erabakiaren zain

Baleike 2014ko abu. 4a, 18:15

Asteburuan Espainiako Maratoi Kopa jokatu da Pontevedran (Galizia), eta han izan dira jubenil eta kadete mailako piraguistak. Irati Osa jubenilarentzat txapelketa erabakigarria zen, irailean Oklahoman (AEBak) jokatuko diren Munduko Txapelketetarako txartela eskuratzeko, baina oraingoz airean dago bere parte hartzea.

Irati bosgarren izan zen K1ean eta bigarren K2an Ainhoa Idalgo plentziarrarekin. K2an zeuzkaten jarrita itxaropenak eta estropadan erakutsi dute ez direla inor baino gutxiago. Hiru piragua iritsi ziren aurretik estropadako azken txanpara, beste biak klub berekoak. Lehorreko azken garraiatzean, bikote aurkarietako bat erori eta heldu egin zioten Osa eta Idalgoren piraguari, hirugarren piraguari hanka egiteko aukera emanez. Han joan zitzaion zumaiarrari garaipena lortzeko aukera.

Baina oraindik bada aukera txiki bat. Berez, Mundialera joateko txartel bakarra dago maila bakoitzean. K1eko irabazle Estefania Fernandezek K2an ere irabazi duenez, eta bietan parte hartzerik ez duenez, baliteke K2a Osa eta Idalgorentzat izatea. Fernandezek eta bere klubak hurrengo orduotan erabaki beharko dute K1ean edo K2an lehiatu nahi duten, eta erabaki horren zain daude orain Irati Osa eta Ainhoa Idalgo.

Beste emaitzei dagokienez, mutiletan Unai Gereka eta Imanol Barruetabeña bigarren izan dira. Hauek Mundialerako txartela poltsikoan daukate eta prestaketa hari begira daukate bideratuta. Maila berean, Azkunek eta Egañak zortzigarren postuan amaitu dute. Kadete mailan, aipatzekoa da Amaia Ortzien 11. postua. Helene Carmona, Felix Uranga eta Xabier Altadill sailkapenaren erdialdean amaitu dituzte estropadak. Beteranoen mailan, Xabier Osak beste urrezko domina bat lortu du.