Huts egite gehiegi Dinastia Etxabeko azken aurrekanporaketetan

Baleike 2014ko abu. 4a, 10:18

Ostiralean jokatu zen Dinastia Etxabe esku pilota txapelketako maila nagusiko aurrekanporaketen bigarren jardunaldia. Etxaniz-Murgiondo eta Ugalde-Etxegoin bikoteek lortu dute aurrera egitea. Ostiral gaueko partidetako emaitzak eta Jexux Iribar Olalde-ren kronika jarraian:

Emaitzak: Etxaniz eta Murgiondo 22, Dorronsoro eta Erostarbe 15; Urretabizkaia eta Sarasa 11, Ugalde eta Etxegoin 22.

Ostiralean ikusitako jokoaren bereizgarri bat nabarmendu behar bagenuke, bi norgehiagoketako pilota galtze edo huts asko egin izana litzateke. Jokatutako tantoen % 75 galdutako piloten ondorioz makagailura igotakoak izan zirelako. Tanto ederrak jokatu eta amaitu baziren ere, galdutako gehiegi jaialdi ona izateko!

Markagailua bolada edo aldika bikote bakoitzaren alde eta kontrara mugiarazitako martxarekin jokatutakoa izan zen lehenengo norgehiagoka, 0-3, 7-3, 13-6, 13-13, 22-15; sakea berreskuratu ondoren gustoko pilota ateratzeko aukerak ere bere eragina izan zuen ibilbide horretan. Azkenean gutxien galdu zuen bikotea garaile, Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondo azpeitiarrak, elkarri lagundu eta tantoak luzatu eta gogortzera behartuz aurkariak. Galtzaile bikotearen jokoan aurrelariaren parte hartze txikia nabarmendu behar, inoiz ez bezala ikusi genuelarik atzo Aitzol Dorronsoro, atzelariaren nagusitasunaren ondorioz erasoko pilotetaz ez baliatuz eta elkarlanean aritzeko gogo haundirik erakutsi gabe. Pattal atzo amurriotarra. Ondorioz Xabier Erostarberi lan asko egitea tokatu zitzaion, ezker-eskubi pilota luzatu eta agintzeaz gain, aurkarien jokoari eustea ere, kantxa eremuko zati gehiena eta joko ardura bere kargu egon zirelarik. Bezperan jokatutako partidaren eraginak eta hainbeste lan egin beharrak makalarazi zuen urretxuarraren joko etekina, pilota asko galdu zuelarik tantoak gogortzen zihoazkion heinean, eta partidaren azken zatian amore eman ere bai, garaileen mesedetan.

Hasiera polita bigarrenak

Bigarren partidak hasiera polita izan zuen, bina berdinduta markagailuan eta pilota bizkor mugiaraziz tiki-taka batean, baina gerriko urdinekoak zazpirainoko tartetxoa egitea lortu zuten hurrengo jokoaren zatian, eta are eta handiagoko 7-17ko zuloa ireki ere bai jarraian, nagusitasun osoarekin 22garren tantora nortzuk iritsiko ziren garbi erakutsiaz. Gustatu zitzaigun Ugalde-Etxegoin bikotea. Ugalde aurrelaria, berezkoa duen klase eta fintasunarekin frontoiko bazter eta txokoak bilatuz, eta mugiaraztea kostatzen den pilotei bizi emanez ere bai. Lau tanto eder erasoan, sakeak ondo gurutzatzea atze koadroetan, eta defentsa lanerako egokiera, atzo erakutsi zizkigunak Andonik. Ondo oiartzuar gaztea nagusi mailako bere lehenengo urtean. Zeregin horretarako ordea Iñaki Etxegoin Donibane Garaziko 20 urteko atzelariaren laguntza izan zuen, mutil garaia izanagatik kantxan azkar ibili eta bere esku on eskubiarekin pilota gogor astintzen duena, bai atzera luzatuz bai bazterrera moztuaz. Ezkerrarekin pilota batzuk galdu zituen baina hobekuntza edo aurreratze onak egin ditzazke itxura ederreko gazte honek pilota munduan. Galtzaileen aldetik zer esan berriz… Beñat Urretabizkaia gogotsu atera zen pilotari eman eta, mutil garaia izanik ere, aurre koadroetan ondo moldatuz, baina atzealdean zegoen diferentziari ez zuen jakin izan eusten, eta di-da batean partida eskuetatik joan zitzaion, Joseba Sarasa Huarte-Iruña pilota elkarteko 18 urteko gazteari bezela. Ezinean ibili zen ultzamarra, ezker eskuinez jokatzen dakien pilotaria da baina, ostiralean behintzat, bestela ezin moldatuz frontiseko goiko losetaz baliatu beharrak pilota dezente galduerazi zion.

Eta ostiraleko bigarren aurrekanporaketako jardunaldiaren ondoren, erabakita gelditu dira 23 urtez beheragoko Nagusi mailako azken laurdenetako norgehiagokak.

Asteartean partida gehiago

Bihar, asteartea, jokatuko da hurrengo pilota jaialdia Zestoan:

Jubenil mailan: Zubiria-Mateo / Gelis-Etxebarria

Nagusi mailan: E. Labaka-Irusta / Irribarria-Labaka