Batelero Eguneko argazki bilduma

Baleike 2014ko abu. 1a, 13:42

Duela ehun urteko irudiak biziberritu zituzten atzo Zumaiara Batelero Eguna ospatzera etorritako egurrezko itsasontzi tradizionalek, bela zuriak zabalduta. Ikuskizun ederra, goizez eta arratsaldez itsasoan eta errioan eskaini zutena. Arratsaldean, gainera, Euskal Herriko Zinga Txapelketa jokatu zen. Arraun egiteko modu berezia da zinga: bakarka egiten da, txopan zutik jarrita, arrauna bertikalean uretan sartu eta ezker-eskuin eraginez. Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko txapeldunak etorri ziren atzo Zumaiara onena nor den erabakitzeko. Arranpla parean bildutako jendetzaren begiradapean, Mutrikuko Joxemiel eta Inazio Bedialauneta anaiak sailkatu ziren finalerako, eta bien artetik Joxemiel izan zen azkarrena.

Argazki bildumaren egilea: Juan Luis Romatet