Itsasontzi tradizionalez beteko da errioa Euskal Bateleroen Eguna ospatzeko

Baleike 2014ko uzt. 30a, 09:42

Itsas kultura berreskuratu eta gizarteratzea da Batelero Elkartearen helburua; egun osoko festa egingo dute ostegunean Urolako itsasadarrean.Ontzigintzari lotutako herria da Zumaia bere sorreratik. Mota eta neurri askotariko ontziak eraiki dira mendez mende errio bazterreko ontzioletan, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakituriari jarraituz. Aspaldi joan ziren, ordea, ontzigintza tradizionalaren garaiak. Poliesterrak irabazi dio lekua egurrari, motorrak ohialari. “Zoritxarrez, eten handi bat egon da jakiturian. Urte gehiegi pasa dira ontziak modu tradizionalean egiteari utzi zitzaionetik”, dio Beduola Elkarteko kide Rikar Torrek. Duela hamar bat urte sortu zen Zumaian ontzigintza tradizionala berreskuratzeko taldea, eta orduz geroztik lanean ari dira lehengo egiteko moduak ikasi eta egurrezko ontziak zaharberritzen. “Pixkanaka ari gara, egin ahala ikasten, bati eta besteari galdetuta, hainbat liburu kontsultatuta… Ontzi batzuk berreskuratu ditugu dagoeneko eta biltegian gehiago dauzkagu zain”.

Zorionez, itsasontzi tradizionalak eta, orohar, itsas kultura biziberritzeko gogoa indartzen ari da euskal kostalde osoan. “Lapurdin urteak daramatzate gaiarekin lanean eta talde sendoak daude, esate baterako, Aturrin ibaian eta Zokoan. Bizkaian ere lan handia ari dira egiten Lekeition edo Bermeon, batzuk aipatzearren. Gipuzkoan, Albaola dago Pasaian, eta talde bana Hondarribian eta Zumaian. Getarian ere badago talde bat, baina ontziak berreskuratzeaz baino gehiago arduratzen dira informazioa biltzeaz”, azaldu du Beñat Ibaietak.

Bat egiteko premiaz jabetuta, 2009an Euskal Bateleroen Elkartea sortu zuten, behinolako ontziak berreskuratzeko, biziberritzeko eta erabiltzeko asmoz. Eta elkartearekin batera, Batelero Eguna hasi ziren antolatzen, batelak tailerretatik atera eta publikoan erakusteko. “Euskaldunon itsas kultura oso aberatsa izan da, baina gehiena galdu egin da, ondare horri ez zaio daukan garrantzia eman. Ontzi tradizionalak biziberritu eta berriro uretan ikusteak balio dezake izan garenaren kontzientzia pizteko”, dio Ibaietak. “Gure helburua ez da denboran atzera egin eta berriro itsasontzi guztiak modu tradizionalean eraikitzea; guk nahi duguna da itsas ondareari merezi duen garrantzia ematea, gure herriarentzat hain garrantzitsua izan den itsas kultura betirako ez galtzea”, zehaztu du Torrek.

Oraingoz nahikoa lan badute Bidabeazpiko tailerrean batel zaharrak konpontzen. Baina garbi dute hori lehen urratsa baino ez dela. “Guk ez ditugu batelak berreskuratu nahi gero gordeta edukitzeko. Uretan nahi ditugu, eta erabiltzeko. Epe ertainera, gure proiektua da itsasontzi tradizionalentzako pantalan bat jartzea eta jendeari erabiltzeko aukera ematea, gure patroi batek lagunduta. Ontziak errioan ikusi nahi ditugu, batera eta bestera”, aurreratu du Torrek.

Egun osoko jaia

Euskal kostaldeko 25 bat ontzi tradizional bilduko dira bihar Zumaian, Batelero Eguna ospatzeko. Goizez itsasora abiatuko dira nabigatzera –Zumaia parean, lehorretik ikusteko moduan– eta arratsaldean errioan ibiliko dira. Estropada berezi bat ere antolatu dute: “Euskal Herriko Zinga Txapelketa jokatuko da. Bakarka arraun egiteko modu berezia da ziga, lehen portuetan-eta asko erabiltzen zena. Zumaian jokatuko da Euskal Herriko Txapelketa. Aldez aurretik Lapurdi, Gipuzkoa eta Bizkaiko txapelketak jokatu dira eta bakoitzeko bi onenak izango dira Zumaian”, azaldu du Ibaietak.

Itsasontziak nabigatzen ikusteaz gain, itsasoko produktuak dastatzeko aukera izango da, itsas kantak ere izango dira Beheko Plaza abesbatzaren eskutik, batel baten botadura, eta antzerkia Mari kalean jaiari amaiera emateko.

Egitaraua

9:00etatik 10:00etara, txalupak uretaratuko dira.

10:30ean, patroien bilera kofradiako bentan. Gallardete banaketa.

11:00etan, itsasoan nabigazioa.

12:30ean, arranplan itsasoko kutixien dastaketa.

13:00etan, herrira itzuli eta txalupak lotu. Kalejira Jagoba eta Maddalen trikitilariekin.

14:30ean, Torreberrin tokapetan parte hartzen dutenen bazkaria. Bazkalondoren itsas kantak.

17:30ean, batel baten botadura.

18:00etan, Euskadiko Zinga Txapelketaren finala, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko txapeldunen artean.

Ondoren, nabigazio erakustaldia badian.

20:00etan, batelak lehorreratzea.

Jaiaren amaiera Mari kalean: Izertia, itsas antzerkiola: Andere Joana eta argonautak: God damn you, Lezo!