Orrua aldizkariaren zenbaki berezia atera du Inpernupe Elkarteak

Baleike 2014ko uzt. 28a, 10:15

Orrua aldizkaria 1987-1990 artean argitaratu zuen Inpernupe Elkarteak. Guztira 11 zenbaki atera ziren, eta "euskara hutsean egindako aldizkari haren bidez zumaiarrek aukera izan zuten euskaraz idazteko eta irakurtzeko, Zumaiako kultur ekimenak erakusteko eta ikusteko, sormena bultzatzeko eta lantzeko…". Ia hogeita bost urte geroago eta Inpernuperen 28. urteurrenarekin batera, zenbaki berezia atera du Elkarteak, beste helburu batekin: "Inpernupek urte hauetan guztietan Zumaiako herriari egin dion ekarpena agerian jartzea, nabarmentzea eta balioa ematea". Ohar honetan azaldu dizkigute ekimenaren nondik norakoak:

Horretara bultzatu gaituen arrazoi nagusia epaiketa bat izan da. Izan ere, 2013ko urritik 2014ko martxora, 35/02 sumarioaren epaiketa egin zen, “Herriko tabernen auzia” izenarekin ezagunagoa. Auzi horretan, garai batean Batasunakoak ziren 40 lagun epaitu zituzten, herriko tabernen bitartez ETA finantzatzea leporatuta, eta horiekin batera 110 herriko taberna ere bai, “erantzule zibil” izatea leporatuta, tartean Inpernupe. Aspalditik Elkarteko kontuak blokeatuta daude, eta lokala galtzeko arriskua ere badago, zer epai ematen den. Duela 28 urtetik, Inpernupe taberna eta Elkartea erreferentzia dira ezkertiar eta abertzale sentitzen diren zumaiarrentzat, baina baita Zumaia osoarentzat ere, herri osoari begira egin baitu lan urte hauetan guztietan; horren adibide dira, besteak beste, zenbaki berezi honetan jaso nahi izan ditugun batzuk. Horrela, “Inpernupe LIBRE” aldarrikatu nahi dugu, eta utz gaitzatela beste horrenbeste urtetan lan egiten.

Orrua aldizkariaren ale berezi honetan, eutsi nahi izan diogu garai hartako aldizkariaren aire bereziari eta hainbat eduki edo ezaugarriri, baina ez diogu uko egin aurrerapenak ematen dizkigun abantailei. Lehengo Orrua hartan, dena artesanalagoa zen: ez zen erabiltzen ordenagailurik edo Internetik gaur egun bezala, maketazioa eskuz egiten zen (testua makinaz pasa, papera moztu, pegatu…) eta abar. Horrela, 12. zenbaki berezi honetan, orduko atal batzuk ere aurki daitezke, besteak beste, komikia (Dani Carballorena), bertsoak eta “Joanes pagopean”; beste atal batzuk, berriz, bereziak dira, betiere Elkartearekin edo Elkarteak egin dituenekin erlazionatuak: Inpernuperen sorrera, Orrua aldizkariaren historia eta egiteko prozesua, tabernaren gorabeherak, Elkarteak antolatu edo egin dituen batzuen laburpena, plaieroen taldearen historia eta 28 urte hauetako gertaera batzuen saski-naski edo laburpena. Atal horiekin guztiekin, atzera egin nahi izan dugu denboran, iraganera, eta ahal den neurrian printza batzuk berreskuratu, aldizkaritik abiatuta gutariko bakoitzak oroimenean ia ahaztuta dauzkagun gertaera batzuk gogoratzeko, Inpernupetik eta Inpernupen egindakoez gogoeta egiteko eta Inpernupe LIBRE aldarrikatzeko.

Aldizkaria euro batean jarriko da salgai, Inpernupe eta Ilargi tabernetan, eta Erribera kalean ere mahaia jarriko da.