Irribarria eta Azketa protagonista Dinastia Etxabeko lehen jardunaldian

Baleike 2014ko uzt. 28a, 10:06

Ostiral gauean jokatu ziren Zestoako pilotalekuan Dinastia Etxabe pilota txapelketako lehen bi aurrekanporaketak, emaitzak hauek izan zirelarik: Aznarez-Azpitarte 7 Irribarria-Labaka 22; Lopez-Lasa 6 Azketa-Aizpuru 22. Jexux Iribar Olalde-k bidali egin digu bi partiden kronika mamitsua:

Ohartuko zineten bezala alde haundiarekin irabazi zuten gerriko urdinarekin kantxaratu ziren pilotariak , Irribarria eta Azketa izan zirelarik protagonista nagusiak.

Lehenengo norgehiagokan, hasiera hasieratik Iker Irribarria aramar gazteak jarritako joko abiadurari ezin izan zioten eutsi ez Imanol Aznarez lizarrarrak, ez eta ere Eneko Aizpitarte hernaniarrak, hamar eta hutseko abantaila hartu zutelarik gerriko urdinekoek di-da batean. Dinamika beretsuko jarraipeneko partidak, sakez egin edo jaso gabe gelditutako zazpi tanto ere bai, amaiera nahiko azkarra izan zuen.

Esan bezela Irribarria jaun eta jabe, esku ezkerrarekin modu denetariko 10 tanto egin zitualarik, ezker airez zabalean 2, txokoan utzita 3, goitik behera boleaz ezker ormaren kontra 2 ikusgarri, botera zabalean egindako beste 2, bat gurutzatuz eta bestea dejada batekin, eta atzera luze jo eta buruz gain pasatuz atzelaria beste bat. Horrez gain, ateratako sakeetatik, 7 jaso gabeak. Kantxan errez mugituz defensa lanetan ondo, eta eskuinarekin pilota atzera gogor astinduz sasoi onarekin etorri zen Zestoara aramatarra. Eskuetako gorabera haundiekin eta azken aldian partida gutxirekin, beldurrez etorri zela baina sentsazio onez aurkitu eta gustora aritu zela kantxan esan zigun amaieran. Izan dezala jarraipenik!

Bere bikote lagun Iñigo Labakak, Santxez ordezkatzera etorritako anoetarrak, ondo lagundu zion bere atzelari lanetan, bi pilota galdu zituelarik.

Bikote galtzailean Aznarezek 4 tanto egin zituen, hiru ezker airez eta bat atzera luzatuz, baina defensa lanetan eraman behar diren pilotak galdu ere bai.

Eneko Aizpitarte atzelari finak ohituak ez gauzkan bezela jokatu zuen atzo, partidu asko jokatzearen eraginatik edo pilota askotxo geratu zitzaizkion jaso gabe 9tik 10era bitarteko koadro arriskutsu horretan. Ahalegindu zen Irribarriari pilota kentzen ohiko trebeziarekin goiko losetan joaz, baina atzo ez zitzaion pilota behar hainbeste ateratzen eskuetatik.

Azketa bikain bigarren partidan

Bigarren norgehiagoka ere hain emaitza nabarmenarekin amaitzeko arrazoirik izan zen, eta haundiena Beñat Azketa Zegamako pilota elkartearekin jokatzen duen Beasaingo 21 urteko pilotaria. Ausart eta ondo, aurrelari baten ofizioarekin jokatu zuen. Bizi sakatuz, pilotaren bila bizkor joanez ezker airez sartzeko, eta era guzietako tantoak eginez, 9 kontatu genizkionak: 4 ezker airez zabalean, 2 eskubiarekin goitik behera boleaz joaz, eta beste hiruak botera, 2 eskubian ziztadaz utzitako pilotekin eta beste bat txapa gainean jo eta pilota ezkutatuz. Atzelariari utzi beharreko pare bat pilota behartu galtzearena egotzi genezaiokeen akats bakarra. Bagenekien partidu irabazlea eta pilotari bizkorra zela baina tantoa egiteko haibeste trebezi eta pilotari hain bizi ematen ikusi gabe geunden. Etxera pozik jokateko moduan noski, bejondaiola!

Andoni Aizpuru azpeitiar atzelaria ere ondo ikusi genuen, pasa den urtean baino hobeto. Eskuetako arazo serio, eta hortaz gaineko lesio fisiko batek asko mermatua eduki dute nonbait aspalditxoan, baina atzo betiko Aizpururen ezaugarri eta zantzuak ikusi genizkion. Ondo azpeitiarra eta pozten gara.

Bikote galtzailea ez genuen ondo ikusi aldiz, aurkariak egin zuten jokoari aurre egiteko ez ziren izan gai partida osoan zehar.

Adrian Lopez sestaotar aurrelariak hasierako lehen tanto ikusgarri bat ezker airez egin zuen arren, jokoz kanpo eta ezinean nabaritu genuen, defensa lanetan jaso beharreko pilotak ere galdu zituelarik. Itxura honeko pilotaria baina atzo Azketak ezarri zion ritmoari ezin egin izan zion aurre.

Adur Lasa Etxarri Aranazko atzelaria ere ez zen gustora joango etxera, galtzaile xamar eta txisparik gabe bere arma duen esku eskubiarekin.

Eta besterik ez, gogoratzea datorren ostiralean, abuztuaren 1ean, jokatuko direla beste bi aurrekanporaketak:

Urretabizkaia-Sarasa / Ugalde-Etxegoin; eta Etxaniz-Murgiondo / Dorronsoro-Erostarbe.