Duela lau urte hasi zen amesgaiztoaren azken kapitulua izan daitekeenaren atarian dago Beñat Lizeaga. 2010eko udazkenean etxetik alde egin behar izan zuen Segiren aurkako Polizia operazio bati ihes eginez. 2011ko otsailean atxilotu zuten, Izpuran (Nafarroa Beherea) jendaurrera agertu eta egun gutxira. Kartzela ezagutu zuen, 2012ko ekainean baldintzapean aske utzi zuten arte. Irailaren 22an epaituko dute, beste 27 gazterekin batera, erakunde terroristako kide izatea leporatuta. Ekainean beste 40 gazte epaitu zituzten akusazio berdinarekin eta denak libre atera ziren.
Bi urte daramatzazu kalean, baina uneoro gainean izan duzu epaiketaren mamua. Nola baldintzatu du horrek zure eguneroko bizitza?
Kartzelatik atera nintzenean epaileak bi baldintza jarri zizkidan. Lehena, astelehenero sinatu behar nuela; bigarrena, ezin nuela Estatu Espainiarretik atera bere baimenik gabe. Behin egin nuen eskaera eta ez zidaten onartu. Eta horri gehitu behar zaio epaiketa baten zain egoteak suposatzen duena. Berriro kartzelara bueltatzeko aukera hor dago. Zure bizitzan proiektuak egiteko garaian ezin dituzu epe luzera egin. Etorkizuna asko baldintzatzen dizu, erabakiak hartzeko orduan.
Zuei leporatzen zaizue Segiko kide izatea, terroristatzat jo duten erakunde bateko kide izatea. Zer zigor eskaera daukazue?
Segi erakunde terroristatzat jotzen dutenez, kide izateagatik zigorra sei eta hamabi urte artekoa izan daiteke. Guretzat sei urtekoa eskatu du fiskalak auziperatu guztientzat. Talde terroristako kide garela demostratzeko erabili dituen argudioak dira, besteak beste, komisaldegian inkomunikatuta egondako hiru, lau edo bost egunetan egindako autoinkulpazioak. Ia denek salatu dute torturapean behartu zituztela sinatzera. Eta horiez gain, etxe, gaztetxe edota herriko tabernatan harrapatu dituzten metxeroak, kamisetak eta antzekoak. Nire kasuan, kamisetak, metxeroak eta gazte asanbladako dokumentu batzuk harrapatu zizkidaten, eta beraiek horrekin nahi dute erakutsi Segiko kide garela.
Ekainean 40 gazte epaitu dituzte zuen akusazio berdinarekin, eta aske atera dira. Zer argudio erabili ditu epaileak?
Hainbeste kolpe jaso ditugu aspaldi utzi geniola epaitegi horretan justizia egon zitekeenik sinesteari… Baina bai, libre gelditu dira gure akusazio berdinekin. Sententzian badaude bi kontu azpimarratzekoak: alde batetik, komisaldegian sinatutako autoinkulpazioak ez dituzte frogatzat onartu; bestetik, militantzia politikoa ez da ezbaian jarri, gazte asanblada edo gaztetxe batean militatzea ez da delitu sententzia horren arabera. Hau da, hori baino froga gehiago eskatzen ditu norbait Segikoa dela baieztatzeko.
Aurrekari bezala ona izango da zuen epaiketari begira.
Gure atxiloketak ez ziren gertatu ere egin behar, baina epaiketa egin egingo dela aintzat hartuta, eskatu nahi dugu epaituko gaituzten 28 gazteak libre gelditzea, aurreko 40ak bezala. Ekaineko epaiketa lehenengo aretoan izan zen eta horrek jurisprudentzia marka dezake, hau da, aurrekaria sortzen du beste epaiketei begira. Horrek itxaropenak ematen dizkigu. Hala ere, aurrekariak ikusita normala da mesfindantza izatea. Angela Murillo epailea ere ez da oso fidatzekoa, sententzia oso irregularrak eman izan ditu. Kezka hori badaukagu, baina oso argudio aldrebesak erabili beharko dituzte gu errudun jotzeko.