Mota askotariko 11 ikuskizunek osatzen dute uztailaren 30ean hasiko den Zumaiako Musika Jaialdia. Funamviolistas antzerki musikala ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude turismo bulegoan.
Urteak joan eta urteak etorri, ia oharkabean 30. urteurrenera iritsi da Zumaiako Musika Jaialdia. Dagoeneko sona lortu du musikari eta musikazaleen artean, eta urtetik urtera egitarau erakargarriagoa osatzeko moduan da. “Udazkenean hasten gara jaialdirako lehen eskaintzak jasotzen, urtetik urtera gehiago eta kalitate handiagokoak; musikariek Zumaiako jaialdia aintzat hartzen duten seinale”, azaldu du kultura teknikari Miriam Romatetek jaialdiaren aurkezpenean.
“Zumaiar batzuen ekimenez sortu zen duela 30 urte, lehen hiriburutik kanpo apenas zegoelako ikuskizunik”, jarraitu du Iñaki Agirrezabalaga alkateak. “Eskerrak eman behar dizkiegu sortzaileei eta ondoren urtez urte lan egin duten guztiei, gaur egun daukagun Musika Jaialdia jende askoren lanaren emaitza baita”, gaineratu du. Urtemuga seinalatuek ospakizun berezia merezi dute eta, aurten ere saiatu dira ahalik eta egitarau erakargarriena osatzen. Kultura zinegotzi Eneko Agirrek estilo aniztasuna azpimarratu du: “Estilo askotariko kontzertuak daude eta uste dut bakoitzak bere gustukoa aurkituko duela”.
Guztira 11 emanaldi izango dira, uztailaren 30ean hasi eta abuztuaren 10era arte. Denak dira maila handikoak, baina batzuk nabarmentzearren, ezin aipatu gabe utzi The funamviolistas antzerki musikala. Emakumez osatutako taldea da eta Max saria irabazi dute umore bereziz jantzitako ikuskizun honekin. Emanaldia abuztuaren 3an izango da, Aita Marin (20:00etan), eta sarrerak aldez aurretik daude salgai Turismo bulegoan, bost euroan. Aukera bikaina da, normalean ikuskizun hau ikusteko sarrerak 20 euroan izaten baitira. Jaialdiko gainontzeko ikuskizun guztiak doan izango dira. Azpimarratzekoa, baita ere, Kukai dantza taldearen saioa, abuztuaren 5ean.
Musika Jaialdia
Uztailak 30
20:00etan, Angel Unzuren kontzertua, Komentuan.
Abuztuak 1
20:30ean, San Pedro Abesbatza, Parrokian.
Abuztuak 2
23:00etan, The Soulutions soul-blues taldea, Beheko plazan.
Abuztuak 3
20:00etan, The funamviolistas, Aita Mari aretoan.
Abuztuak 4
20:30ean, Gerardo Rifon organo-jotzailea eta Xabier Andunaga tenorea, Parrokian.
Abuztuak 5
20:00etan, Kukairen Gelajauziak, Odieta pilotalekuan.
Abuztuak 6
20:00etan, Lux in tenebris, musika barrokoa, Komentuan.
Abuztuak 7
20:00etan, Urval Ensemble, Komentuan.
Abuztuak 9
20:00etan, Elena Barbe sopranoa eta Oier Etxaburu pianojolea, Komentuan.
Abuztuak 10
19:00etan, Txarlestrup, haurrentzat ikuskizuna, Torreberrin.
22:30ean, Hitchcock-en Downhill filma Javi Perez de Azpeitiaren musikarekin, Mari kalean.