Nazioarteko maila du Pulpoko harrobiak

Baleike 2014ko uzt. 21a, 19:41

[/caption]

Espainiako selekzioaren deia jaso dute Sara Torrikok, Ander Olaizolak eta Kauldi Odriozolak. Kauldik jubenil mailako Europako Txapelketa jokatuko du abuztuan, Polonian.

Pulpok beti eman ditu maila oneko jokalariak, baina ez da batere erraza Espainiako selekzioaren deia jasotzea. Are zailagoa denboraldi berean klubeko hiru jokalarik lortzea, hirurak adin ezberdinekoak.

Sara Torriko (infantil maila)

Infantil mailako nesken taldeak aurten ez du pareko aurkaririk izan, eta nagusi izan dira Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan. Talde horretako kide da Sara Torriko. Ostegunean lehen aldiz jokatuko du nazioartean, Espainiako selekzioak deituta. "Guadalajaran egon nintzen, Espainiako selekzioak egin zuen deialdi batean. Han bildu ginen 40 bat jokalari. Goiz eta arratsalde entrenatu genuen, oso gogor, eta 16 onenen aukeratu ninduten. Orain Finlandiara goaz torneo bat jokatzera, uztailaren 24tik 27ra".

Ander Olaizola (kadete maila)

Kadete mailan ere badu Pulpok harribitxirik. Ander Olaizolak ekainean izan zuen Espainiako selekzioarekin debuta egiteko aukera, Frantziaren aurka jokatutako lagunarteko partidan. “Joan den abenduan deitu zidaten lehen aldiz, Portugalen partida batzuk jokatzeko. Baina entrenamendu batean min hartu nuen eta ezin izan nuen debuta egin. Ekainean beste aukera bat izan dut eta Frantziaren aurka bigarren zati osoa jokatu nuen”. Hiru gol egin zituen Anderrek. Bigarren partidan, ordea, berriro min hartu zuen. “Abenduan bezala, sorbalda atera zitzaidan. Irailean ebakuntza egingo didate eta hiru hilabete beharko ditut erabat osatzeko”.

Kauldi Odriozola (jubenil maila)

Txikitatik zeresan handia ematen ari den belaunaldiko kide da Kauldi Odriozola. Aurten lehen urtea egin dute jubenil mailan, eta, hala ere, Euskadiko Txapelketa irabazi dute partidarik galdu gabe. Espainiako selekzioarekin ere badu esperientzia, dagoeneko hiru urte baitaramatza haren deia jasotzen. Baina aurtengoa berezia da, lehen aldiz txapelketa ofizial bat jokatzeko aukera izango duelako. “Oso erronka polita da niretzat. Aukeratutako 16 jokalarien artean nago; Europako Txapelketa jokatzea aukera bikaina da eta aprobetxatu nahi dut”. Ahalegina, baina, ez da nolanahikoa: “Uztailaren 30era arte egongo gara Galizian, entrenamendu saio gogorrak egiten. Handik Portugalera goaz, Suedia, Norvegia eta Portugalen aurka torneo bat jokatzera. Abuztuaren 3an bueltatuko naiz Zumaiara, lau eguneko atsedena hartzera. Abuztuaren 8an, Euskal Jaiaren egunean, Madrilera. Madrilen beste bost egun entrenatzen, eta 13an Poloniara joango gara. Hurrengo egunean jokatuko dugu Txapelketako lehen partida”. Danimarka, Errusia eta Mazedonia izango dituzte aurkari multzoan eta lehenengo biak sailkatuko dira final-laurdenetararako. “Oso garrantzitsua da lehen zortziren artean sailkatzea, Mundiala jokatzeko eskubidea ematen duelako”.

Laugarren jokalari bat ere badago Espainiako selekzioaren deiaren zain. Ioritz Manterola infantila Sorian egon da konzentrazioan beste 39 jokalarirekin eta hortik 16 onenak hautatuko dituzte.