"Hondartza da gehien gustatzen zaiena"

Baleike 2014ko uzt. 19a, 14:52

Saharako kanpalekuetan bizi diren 40 bat haur etorri dira Zumaiara asteburua pasatzera. Urduñako Bakeleku udalekuan daude uda pasatzen Darahliko gazteen zaintzapean. Gaur eguerdian ongietorri eman die Iñaki Agirrezabalaga alkateak.

Udaletxean egindako harreran alkateak jakinarazi die Zumaia 1996tik dagoela senidetuta sahararren Zug herriarekin, eta gogoratu du duela urte batzuk izan zuela kanpalekuak bertatik bertara ezagutzeko aukera. "Euskal Herria eta Zumaia zuekin gaude, eta zuen lurraldea lehenbailehen berreskuratzea nahiko genuke. Bitartean, guk esku zabalik hartuko zaituztegu. Gozatu ahalik eta gehien gurekin pasako dituzuen egun hauek", luzatu die gonbitea alkateak.

Darahliko kide Samuel Ruizek eta Ibon Ibargurenek goraipatu dute elkarteko gazteak Urduñako udalekuan egiten ari diren lana, eta eskerrak eman dizkiete Udalari eta asteburuan haurrak etxean hartuko dituzten familiei. Amaitzeko, 2010etik Orion bizi den Ahmed sahararrak bereziki azpimarratu du Darahliko gazteen lana: "Gazte hauek liluratuta naukate; beraien denbora ematen dute gure haurrak zaintzeko, eta hiru urtetik behin joaten dira kanpalekuetara, laguntzera".

Igande arratsaldera arte geldituko dira Zumaian eta ahalik eta ondoen aprobetxatuko dute denbora. "Hondartza da gehien gustatzen zaiena eta eguraldiak laguntzen badu aprobetxatuko dugu", azaldu du Samuel Ruizek. Gaurko eguna Santiagon egingo dute. Gero Odietan Zumaia eta Debako musika banden kontzertua entzun eta ondoren familien etxeetara joango dira, lotara. Bihar, eguraldiak laguntzen badu, herriko txokoak ezagutu eta Itzurunera joango dira.