Dozenaka herritarren babesa jaso du Lizeagak

Baleike 2014ko uzt. 19a, 09:58

Segiko kide izatea leporatuta epaituko dituzte Beñat Lizeaga zumaiarra eta beste 27 gazte Espainiako Auzitegi Nazionalean irailaren 22tik aurrera. Herritar andana batu zen atzo agerraldi publikora -300 lagun inguru–, argazkia atera eta epaituei babesa eta elkartasuna adierazteko.

Ekainean beste 40 gazte epaitu zituzten akusazio berdinarekin eta haiek aske utzi zituen epaileak. Lizeagaren kasuan, Angela Murillo epaileak erabakiko du epaiketa zenbat luzatuko den, baina printzipioz hiru hilabeteko iraupena dago aurreikusita.

Agerraldi publikoan bildutako jendeari zuzendu zitzaion Beñat Lizeaga elkarretaratzea amaitu zenean. "Gaur niri tokatu zait, baina herrian badaude auziperatu gehiago, eta gaur bezala elkartu eta injustizia hauei aurre egitera animatu nahi zaituztet".

Ekintzak uda osoan

Lan talde bat sortu da uda osoan hainbat ekintza antolatzeko. Euskal Jaian hasita, mahaiak jarriko dira kalean bono laguntzak, kamisetak eta banderolak saltzeko. "Herrian ahalik eta jende gehienak babesa ematea da helburua" jakinarazi dute lan taldeko kideek. Abuztuaren 30eko gazte egunean ere "ahalik eta jende gehien" bildu nahi dute bazkari herrikoian. Asteburutan kontzertuak egongo dira, eta pixkanaka sortuko diren ekintza gehiago. Antolaketa lanetan lagundu nahi duenak edo proposamenak egin nahi dituenak ateak zabalik dituela azpimarratu dute, eta zumaialibre@gmail.com helbide elektronikoa zabaldu dute harremanetarako.