TSko langileak: “Gure borroka ez da tunel honen iluntasunean galduko”

Baleike 2014ko uzt. 17a, 18:50

Zestoako TS Fundiciones enpresako langileek agerraldia egin dute goizean, eta lantegia itxita baldin badago ere, borrokan jarraitzeko prest daudela berretsi dute. Jakinarazi dutenez, lantokia “aurrera ateratzeko” proposamen desberdinak aurkeztuko dira aurrerantzean epailearen aurrean, eta horren aurrean esan dute euren etorkizuna eta lanpostuak bermatuko dituztekeen proposamenak babesteko prest daudela, “beti ere langileak errespetatzen badira”. [Urola Kostako Hitza]

Lantegi aurrera manifestazioa egin aurretik, Arroako autopista ondoko biribilgunean elkartu dira dozenaka langile, atzean tunela zutela, haren “iluntasunetik deiadar bat” egin nahi izan baitute. Esperantzara eutsi dira beharginak, “gure borroka ez da tunel honen iluntasunean galduko”, esanez. “Tunel orok du bere sarrera eta irteera bat. Tunelak badu argi izpi bat bukaeran, eta ez dugu etsiko gure lanpostuen defentsan argi izpietara irten arte”. Prest dira pausoak emateko lantokia eta euren etorkizuna bermatzeko.

Azken urteetan Lan Erregulazio Txostenak eta kaleratzeak egin ostean, ekainaren 24ean likidatu zuten enpresa, eta hango 150 langile kalean geratu ziren. Langileek azpimarratu dute TS “bideragarria” izan dela, eta izango dela, baina horien ustez, hainbat faktorek eragin dute itxiera: “Familien arteko botere nahiak, liskarrak, inbidiak eta langileen izerditik diru erraza irabazi nahiak, gure lantokia galbidera eraman dute. Hau guztia gaurko lan erreformak erraztuta eta politikari batzuen onarpenarekin, gainera”. Horren aurrean, erakundeei dei egin die: “Arantza Tapia, non zaude? Non daude herri honetako ehun industriala suspertzeko zituen politikak? Kaleratzeak onartu eta enpresak ixtean oinarritzen al dira?”.

Jakinarazi dutenez, lantokia “aurrera ateratzeko” proposamen desberdinak aurkeztuko dira aurrerantzean epailearen aurrean, eta horren aurrean esan dute euren etorkizuna eta lanpostuak bermatuko dituztekeen proposamenak babesteko prest daudela, “beti ere langileak errespetatzen badira”. Era berean, ez dute onartuko “gure enpresarekin espekulatu nahi dituzten marrazoak”. “Hala gertatuko balitz, aurrez aurre izango gaituzte”.

150 familiek etorkizun “duina” izan dezaten nahi dute, eta herrian lan eta bizi nahi dute. Hori hala, ordezkari politikoei exijitu diete etor daitzkeen proposamen guztiak babestu eta lagundu ditzatela, eta bide horretan langileen adostasuna eta iritzia akordiorako giltzarri izan dadila eskatu dute.