Goierriko Bi Handiak lasterketa irabazi du Pedro Etxeberriak

Baleike 2014ko uzt. 14a, 15:09

[/caption]

Beasainen hasi eta amaitzen da Goierriko Bi Haundiak ultra lasterketa: 88 kilometroko ditu, ibilbidean Txindoki eta Aizkorri igotzen dira, eta guztira 6.000 metroko desnibela gainditu behar dute korrikalariek. Bada, aurten, Pedro Etxeberria zumaiarrak irabazi du. Etxeberriak 10 ordu, 41 minutu eta 29 segundo behar  izan ditu ibilbidea osatzeko. Kilometro askoko mendi lasterketak ditu gustuko Pedro Etxeberriak. Denboraldi honetan bost jokatu ditu, azkena Goierriko Bi Handiak, eta emaitza bikainak lortu ditu: lehena izan da Apuko lasterketan (65 kilometro), Sobraben (66 km) eta Goierrin (88 km.); bigarren Hiru Haundiak lasterketan (100 km.) eta hirugarren EHerronkan (65 km.). Asteburukoarekin amaitutzat eman du ultra lasterketen denboraldia.

Goierriko Bi Handiei dagokienez, hasieratik lasterketa buruan izan zen Etxeberria. "Hirukote bat osatu genuen hasieratik eta elkarri lagunduz egin genuen Aralar mendikateko ibilbidea. Lizarrustitik Etxegaratera egin zitzaigun zatirik zaila; gauez eta behelaino oso itxiarekin oso zaila egiten zitzaigun ibilbideko markak ikustea", kontatu digu.

Aizkorrin hasi zen lasterketa erabakitzen. "Aizkorri igotzen hasi ginenean Nuno Mendes da Silva portugaldarra atzean geratzen hasi zen, eta Iokin Garai eta biok elkarrekin joan ginen, helmugarako sei edo zazpi kilometro falta arte. Orduan tartea ireki eta helmugaraino bakarrik iritsi nintzen". Ehunmilak lasterketako irabazle Javi Dominguezek duela bi urte egindako errekorra baino 11 minutu azkarrago osatu zuen Etxeberriak ibilbidea.

Sailkapena

1. Pedro Etxeberria 10:41:29

2. Iokin Garai 10:44:52

3. Nuno Mendes 10:52:47