Urolako Igoera-Jaitsierako helmuga itsas kiroldegiaren parean jarri dute, Arranplan izan beharrean. Estropada 17:00etan hasiko da, Santiagoko hondartzan.
Estropadaz beteta dator asteburua Itxas-Gaineko piraguistentzat. Gaur eguerdian izango dute lehen hitzordua, Zumaia-Sakoneta-Zumaia itsas zeharkaldiarekin. Gipuzkoako Txapelketa egongo da jokoan, eta bi modalitate izango dira. Esprinteko ontziena izango da maila nagusia eta 12 kilometroko estropada jokatuko dute. Modalitate tradizionala motzagoa izango da. Estropadaren ibilbidea aldatu egiten da urtetik urtera, olatuen norabidearen arabera. Olatuen kontra joaten dira gero buelta olatuekin batera egiteko. Bakarkako eta bikotekako ontziak izango dira lehian, eta tartean ez dira zumaiarrak faltako.
Eguneko bigarren estropada, Urolako Igoera-Jaitsiera, arratsaldean izango da, 17:00etan hasita. Irteera Santiagoko hondartzan izango da, ohi bezala. Momentu ikusgarria izaten da, piraguistek hondarretik korrika egin behar izaten baitute piragua eskuan dutela uretaraino. Piragua bat baino gehiago irauli ohi da, kolpeen ondorioz. Behin ontzira igota, Santiagoko eskoilera gainditu eta Urolan gora egiten dute, Beduako zubia pasata dagoen buiaraino. Han ziaboga egin eta berriro beherantz etorriko dira. Arranpla parean izan ohi da helmuga, baina aurten itsas kiroldegian amaituko da estropada. Hori bai, aurrena Arranplaraino joan, han ziaboga egin eta berriro gorantz etorriko dira, klubaren parean amaitzeko. Euskal Herriko piraguistez gain, Espainiatik ere espero dira: Madril, Asturias, Kantabria, Palentzia…
Larunbateko bi estropadekin nahikoa ez eta igandean Bidasoako jaitsieran izango dira Itxas-Gaineko piraguistak.