Olarro Egunean lan egin nahi duten taldeentzako deialdia egin du Udalak

Baleike 2014ko uzt. 10a, 09:38

Datorren irailaren 20an ospatuko den Olarro Egunerako hainbat ekitaldi antolatu dira. Egun horretan gastronomiak garrantzi handia du eta olagarroa eta itsasoko produktuak dastagai izaten dira txosnetan nahiz elikagaien azokatxoan. Guzti honek lan handia eskatzen du eta Zumaiako elkarteei laguntza eskatu nahi die Udalak aurtengoan ere.

Txosnetako lana: hainbat taldentzat lana, txosna bakoitzean talde bat.

Taldeak zozketaren bitartez aukeratuak izango dira eta postuetan lortutako etekina ere haientzat izango da. Zozketan lehentasuna izango dute aurreko urtean parte hartu gabe geratu zirenak.

Aurten txosnak ondorengo lekuetan ipiniko dira, batzuk goizez bakarrik eta besteak goiz eta arratsaldez:

1. Eusebio Gurrutxaga plazan.

2. Taxi Geltokiaren parean.

3. Ekin elektrizitatearen aurrean.

4. Alondegia pareko plazatxoan.

5. Amaiako plazan.

6. Gernikako parkean.

Betebeharreko lanak: ostegun eta ostiralean, talde bakoitzetik 12 lagun olagarroa moztu eta brotxetak egiteko. Larunbatean, olagarro zopa prestatu beharko dute goizean banatzeko eta arratsaldean txosnetan brotxetak banatuko dituzte. Taldeak azpiegitura montatu beharko du eta furgoneta bat ezarri beharko du. Edariak ere taldearen esku izango dira. Goizeko 9 etan hasi eta 23.00ak aldera arteko lana izango da, Olarro egun bertakoa.

Txosna guztietan ordutegia eta prezioak berdinak izango dira. Prezio herrikoiak eskaintzen dira.

Bazkari herrikoia zerbitzea: talde batentzat lana

Lan honetako ezaugarri nagusiena da 550 lagunei herri bazkaria zerbitzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eta tresnak ezartzea. Montatze-desmontatze lanen koordinazioa Udaletxearen eta herri bazkariko eta txosnetako kudeatzaileen artean egingo da.

Izena emateko epea: uztailaren 14 tik 28ra arte, turismo bulegoan: 943143396 edo turismoa@zumaia.net

Argibide zehatzagoak emango dira abuztuan egingo den bileran. Bilera horretan lan bakoitzaren betebeharrak zehatz-mehatz zein diren azalduko dira eta iaz erreserban geratu ziren taldeek lehentasuna izango dute. Zozketaren ondoren talde bakoitzak zein tokitan lan egitea tokatu zaion jakin ahal izango du. Laneko baldintzak betetzen ez dituen taldea datorren urtean zozketatik kanpo geratuko da.

Nortzuk aurkez daitezke?

Zumaiako herria edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarte independienteak.

Elkarte hauek Udalak herriko taldeen artean diru-laguntzak emateko ordurako onartutako oinarri berak bete beharko dituzte (Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu).

Horrez gainera, euskaraz jarduteko gai izan beharko dute, eta, batik bat edariak banatzeko orduan, ez dira adin txikikoak izango.