"Gustura gaude, profesional euskaldunak etorri direlako herrira"

Baleike 2014ko uzt. 8a, 19:52

[/caption]

Zumaiako anbulatorioan euskara gaitasunik ez zuten mediku eta pediatra bana jarri zituen Osakidetzak eta horrek herritar eta guraso talde baten erantzuna eragin zuen. Osakidetzak egoera konpondu du, mediku eta pediatra euskaldunak ekarri ditu, eta gaur aldarrikapenaren bultzatzaileek agerraldi publikoa egin dute  Udalaren, Behatokiaren eta dozenaka lagunen babesarekin, gertatutakoaren irakurketa egiteko.

Alkatea: "Harro gaude herritarrez"

Behatokia: "Herritarren eta Udalaren elkarlanak emaitza positiboak ekarri ditu"

Ihintz Lizanisorok irakurri du oharra, guraso eta herritar taldearen izenean: "Zumaiako herritar eta guraso moduan gure kezka azaldu nahi izan dugu herriko Osasun Zentroan sortu den egoerarekin. Zumaian urte luzez jardun den pediatrak bere zerbitzuak emateari utzi zion eta ordez etorri zen medikuak ez zekien euskaraz. Horri gehitu behar zaio lehendik dagoen beste pediatra ere ez dela moldatzen euskaraz. Beraz, Zumaian pediatra euskaldunik gabe gelditu ginen egun batetik bestera".

"Zumaiako haur gehienek ez dute gaztelera menderatzen koskortzen diren arte. Haurrentzat, sarritan, ez da batere erraza izaten medikuarengana joatea, batzuk estutasun handiz joaten dira eta estutasun horretan gainera, beraiek ezagutzen ez duten hizkuntza bat entzuteak (gaztelera), oraindik eta gehiago estutzen, urduritzen eta larritzen ditu. Gure haurrek beraien beldur, estutasun eta guzti, ahots goxoz, hitz ulerkorrez hitz egingo dien norbaitek artatuak izan daitezen merezi dute. Beraien osasuna baino gehiago dago jokoan, elkar ulertuak izateko eta sentitzeko dugun beharra. Ulertzen digutela eta ulertzen diegula sentitzeko beharra".

"Azpimarratu nahi dugu kontu pertsonalik ez dagoela tartean eta guraso moduan ez daukagula ezer, Zumaiara etorri diren medikuen kontra eta ez dugu beraien profesionaltasuna zalantzan jartzen inola ere. Baina uste dugu mediku ona eta mediku euskalduna kontzeptu oso bateragarriak direla, eta mediku baten perfil egokia ez duela medikuntzari buruz dakienak bakarrik markatzen".

"Beraz, gustura gaude, profesional euskaldunak etorri direlako herrira. Ez dugu ordea, esan gabe utzi nahi oraindik ere badela herrian pediatra bat euskaraz moldatzen ez dena eta oporrak ordezkatzera datorren medikuak ere askotan ez duela jakiten euskararik".