Bigarren bandera jarraian

Baleike 2014ko uzt. 7a, 15:56

[/caption]

Zumaiako Arraun Elkartearentzat ederra izan da asteburua, bigarren bandera lortu zuelako Zumaiak KAE 1 Ligan. Larunbatean izan zen, Pasai San Pedron, eta Ligako hirugarren estropada zen. Hiru horietatik bi irabazi ditu Patxi Francesek eta Rafa Gonzalez Txabarrik zuzentzen duen taldeak, eta irabazitako biak jarraian izan dira.

Lan bikaina ari dira egiren, eta Ligako lehen postuan dira. Getaria dute atzetik, puntu batera. Estu dago gauza, eta larunbatekoa izan zen horren adierazlea: 32 ehunen bakarrik atera zizkion Zumaiak Getariari. Hurrengo estropada datorren larunbatean izango da, Donostian, Ligako laugarrena, 18:00etan.

KAE 2 Ligakoek larunbatean ekin zioten lehiaketa ofizialari. Areetan jokatu zuten estropada Ramon Erostarbek eta Joseba Aristik prestatzen dituzten arraunlariek. 13. sailkatu ziren, azken-hirugarren. Igandean izan zuten bigarren estropada, Santurtzin, eta hobeto moldatu ziren. Zortzigarren sartu zen Zumaia B. Hurrengo estropada larunbatean daukate, Donostian, 11:30ean, eta igandean ere estropada izango dute: Pasaian, 12:00etan.

Zumaia Salegi Jatetxeak ere ekin dio lehiaketari

Emakumezkoen traineruak asteburuan ekin zion lehia ofizialari, Gipuzkoako Ligaren hasierarekin. Pasai San Pedron aritu ziren zazpi traineru, eta zumaiarrak laugarren izan ziren. San Juanek erraz irabazi zuen estropada, baina oso segundu gutxi egon ziren Hibaika, Orio, Zumaia eta Getaria-Zarautzen artean: sei baino ez. Santoña bai geratu zen oso atzean, garaileak minutua pasa atera ziolako. Hurrengo estropadak Euskotren Ligakoak izango dituzte. Liga horri hasiera emango zaio asteburuan: larunbatean Pedreñan dute estropada, 16:30ean, eta igandean, Donostian, 12:00etan. Sailkatze estropadak izango dira, baina Zumaia Salegi Jatetxea sailkatua dago, iazko garailea izateagatik. Beste hiru ontzi aterako dira Liga horretan lehiatzeko, eta asteburuko bi estropadetan zehaztuko dute zein diren parte-hartzaieak Zumaiarekin batera. Bi estropada horietan ontzi hauek ariko dira: Cabo da Cruz, Getaria-Zarautz, Hibaika, Orio, Samertolameu, San Juan eta Santoña.