Munduko Txapelketara joan ahal izateko zozketa antolatu du Itxas-Gainek

Baleike 2014ko uzt. 4a, 11:14

Imanol Barruetabeña eta Unai Gereka piraguista jubenilek Munduko Txapelketa jokatzeko eskubidea irabazi zuten uretan, eta Irati Osak ere aukera handiak ditu txartela lortzeko. Baina Mundiala Oklahoman (AEB) da, eta Espainiako Federazioak ez ditu gastuak bere gain hartzen. Kirolari bakoitzak 3.000 euro behar ditu bidaiako gastuak ordaintzeko, eta klubak zozketa bat antolatzea erabaki du, martxan dirua ateratzeko.

"Espainiako Federazioak ez du sosik jartzen, dena kirolariak ordaindu behar du; baita arropa ere", dio Itxas-Gaineko kide Josu Ansolak. Ekainean Europako Txapelketan izan ziren Imanol Barruetabeña, Unai Gereka eta Irati Osa –mutilek brontzea lortu zuten K2an eta Irati laugarren izan zen–. Eslovakian jokatu zen eta Itxas-Gainek 600 euro jarri zituen kirolari bakoitzeko. Mundiala, ordea, Ameriketako Estatu Batuetan izango da, Oklahoman –irailaren 25etik 28ra–, eta bidaia askoz garestiago ateratzen da. "Kalkulatzen dugu bakoitzak, gutxienez, 3.ooo euro beharko dituela gastuak ordaintzeko, eta klubak ezin du dirutza hori bere gain hartu".

Uretan egindako merituak diruagatik ezerezean gelditzea tamalgarria litzateke. Horregatik, dirua osatzeko zenbait ekimen jarri dituzte martxan. "Pentsatu genuen lagundu egin behar geniela dirua lortzen. Oier Aizpuruak kirolarien artean dauzkan kontaktuak aprobetxatuta, pentsatu genuen kirolari ezagunei objektuak eskatu eta zozketa antolatzea". Dagoeneko 30etik gora bildu dituzte. "Futbolarien kamisetak dauzkagu, Realekoenak eta Athleticekoenak; Illarramendirena ere lortu dugu, Real Madridekoa; txirrindularienak eta Irujo eta Barriola pilotarienak; Alex Urangak taula bat eman du, Aritz Aranburuk bisera bat... Eta oraindik gehiago ari gara biltzen".

Txartelak bi euroan salduko dituzte eta bakoitzean bi zenbaki izango dira. Uda osoan salduko dituzte eta zozketa Olarro Egunean egingo dute, 20:00etan, Magnolioaren aurrean.

Zozketaz gain, kontu korronteko zenbaki bat ere zabaldu dute, nahi duenak diru ekarpena egin dezan: (Kutxabank) 20955174909113899462