Zumaiako indarberritzera dator zuzendaritza berria

Baleike 2014ko uzt. 4a, 10:38

[/caption]

Zuzendaritza talde berriak hartu du Zumaiako Futbol Taldearen ardura, Jose Antonio Txiki Gorostola buru duela. Talde zabala osatu dute, eginkizunak banatu eta klubaren egiturak sendotzeko helburuarekin. Atzo aurkeztu zizkiguten beraien asmoak.

"Aurreko zuzendaritza taldeak iragarri zuen ardura utzi nahi zuela eta dei egin zuen, errelebo eske. Etxe barruan geunden batzuk hasi ginen batekin eta bestearekin hitz egiten, eta Txiki Gorostolarengana jo genuen, ea bera prest legokeen presidente izateko. Berak esperientzia du kirol elkarteak zuzentzen, Itxas-Gainen egon da urte asko", hasi dira esplikatzen zuzendaritza talde berriko kide Ramon Mugika eta Felix Nolaskoain. "Nik badakit klub batean lan asko daudela egiteko. Horiek denak zerrendatu, ataletan sailkatu, eta organigrama bat marraztu nuen. Organigrama hura izenez betetzeko gai baziren, aurrera egingo nuela agindu nien", jarraitu du Gorostolak. Hori izan baita Zumaiakok azken urteotan izan duen gabezia nagusia, jende gutxi ardurak hartzeko. "Klubak daukan arazo handiena hori da, eta horri konponbidea jartzea da gure lehen egitekoa".

Horrela, hogei bat lagun bildu dira lanerako prest. Klubeko eginkizunak zazpi ataletan banatu dituzte, atal bakoitzak arduradun bat dauka –zuzendaritzako kide izango da– eta zenbait lagun ari laguntzeko. Esan bezala, Jose Antonio Gorostola da presidentea; presidenteordetza eta idazkaritza Laura Esnalek hartu ditu, eta Ibon Gastañares izango da diruzaina; bulego teknikoa Felipe Agirrek hartu du, ekonomia saila Ibon Gastañaresek, gizonezkoen kirol ardura Felix Nolaskoainek, emakumezkoen kirol ardura Joakin Gorostolak, futbol eskola Ramon Mujikak, materialaren ardura Antonio Vazquezek, eta gizarte gaiak Bosco Garitanok.

Kirol helburuei dagokienez, 2014-2015 denboraldirako ez daukate berrikuntza handirik egiteko aukera, baina lehen lana izango da entrenatzaile taldea osatzea. Gizonezkoen lehen taldean ez dago aldaketarik, baina beheko zenbait mailatan entrenatzaileak behar dira. "Lehen urtean gure helburua da klubaren martxa hartzea, lana seriotasunez egiten duen talde bat dagoela erakustea. 2015-2016 denboraldirako saiatuko gara kirol mailan zenbait erabaki hartzen". Zuzendaritza berriaren iritziz, jubenil mailako mutilen taldea indartu behar da, "dagokion mailara igo dadin". Horrez gain, talde nagusirako, gaur egun kanpoan jokatzen ari diren zazpi edo zortzi jokalari Zumaiakora ekartzeko ahalegina egin nahi dute datozen bizpahiru urteetan. "Batzuk gaur egun hirugarren mailan ari dira jokatzen eta konpromisoak dauzkate klubekin. Zumaiara ekartzeko denbora behar da eta, batez ere, erakutsi behar diegu proiektu serioa dela gurea".

Egitura aldetik kluba ahul aurkitu badute ere, ekonomikoki osasuntsu dagoela azpimarratu nahi izan dute. "Diru kontuetan arazorik ez aurkitzea eskertzekoa da, lan egiteko beste lasaitasun bat ematen duelako".