Gorka Etxabe, Europako Pistako Txapelketara

Baleike 2014ko uzt. 3a, 18:14

Viveros San Anton-Zumaiako txirrindulari Elkarteko Gorka Etxabe txirrindularia Europako Pistako Txapelketetan izango da, Espainiako selekzioarekin. Anadian (Portugal) jokatuko dira hilaren 22tik 27ra, eta Gorka Etxabe taldekako jazarpeneko laukotea osatzeko aukeratu dute.

Jokin Aranburu gipuzkoarra eta Balear Irletako Marc Buades eta Xavier CaƱellasekin osatuko du taldea Etxabek. Taldekako jazarpenaz gain, beste probaren batean parte hartzeko aukera izan dezake, baina horren berri txapelketa aurreko azken konzentrazioan izango du. Gorka Etxaberentzat bere ibilbideko lasterketarik garrantzitsuena izango da txapelketa hau.

Errepideari dagokionez, asteburu honetan Gatikan eta Mendaron dituzte lasterketak Viveros San Antongo txirrindulariek. Jon Agirre, lehen urtekoa izanda ere, oso maila polita erakusten ari da, eta orain arte lasterketak amaitzearekin konforme bazen, orain beste ardura batzuk hartzeko prest dela esan daiteke, lasterketan protagonista bihurtuaz. Haritz Eizagirrek, ikasketa bidaia egin eta gero, entrenaldietara bueltatu da eta etenaren aurretik hartutako pedal kolpea da berreskuratu nahi du, denboraldiko sasoirik onenean baitzen, lehen 25en artean bukatuz azken lasterketak.

Afizionatu mailan Aitor Olaziregi (Hyundai-Caja Rural) oso lasterketa txukunak egiten ari da, azken karrerak 50 lehenegoen artean bukatuz eta ihesaldietan-eta aurpegia emanez. Aurreko igandean Irunen erori egin zen eta ez zuen bukatzerik izan. Asteburu honetan Murgian, Oroko Amaren santutegian bukatuko den lasterketan lan polita egitea izango da bere nahia eta helburua; igandean, Gatzagan da karrera. Bi probak ere euskaldun torneorako puntuagarriak dira, 150 txirrindulari baino gehiago espero dira lasterketa bakoitzean.