Anbulatorioan hizkuntza eskubideak errespetatzeko eskatu dio Udalak bertako arduradunari

Baleike 2014ko eka. 13a, 14:12

Azken asteotan Zumaiako Osasun Zentrora familiako medikua eta pediatra berriak etorri dira eta biak ere euskaraz ez dakitenak dira. Hori dela eta, Udaleko Euskara Zerbitzuan hainbat herritarren kexak jaso dira eta hedabideetan ere izan du oihartzunik gaiak. Aipatutakoez gain, haurdun dauden emakumeei banatzen zaien materiala ere gaztelera hutsean dagoela adierazi dute erabiltzaileek.

Horren aurrean, herritarren kezka bere eginez eta euskara normalizatzeko egiten ari den ahaleginen baitan Zumaiako alkatea Zumaiako Osasun Zentroko arduradunarengana joan da, herritarren kexak bideratu eta Udalaren kezka adierazteko. Horrez gain, idatzi bat entregatu dio egoera lehenbailehen konpontzeko eskatuz eta osasun barrutiko gerenteari ere beste kopia bat helaraziko dio.

Zumaiako Zentroko arduraduna bat etorri zen eskariekin eta momentuko egoera hau, hilabete gutxitako kontua izateko itxaropena erakutsi zuen. Hori horrela izan zedin ahalegina egiteko konpromisoa ere berretsi zuen.

Zumaiako Udalak, beraz, gaiari jarraipena egingo dio eta herritarrak ere animatu nahi ditu eskubide urraketa jasaten dutenean egoera hori salatzeko.