Estropadarik ez da faltako asteburu honetan ere. Zumaiako hiru traineru arituko dira beste hainbat estropadetan, eta batelek ere izango dute lana asteburuan.
Traineruei dagokionez, igandean, Ondarroan, 12:00etan, Antiguako Amaren estropada jokatuko da erlojuaren aurka. Emakumezkoetan Orio, Hibaika, San Juan eta Zumaia Salegi Jatetxea arituko dira. Gizonezkoetan, 25 traineru izango dira, tartean Zumaia. KAE 1 Ligako aurkariak, KAE 2 Ligakoak eta San Miguel Ligakoak lehiatuko dira, hurrenez hurren. Test interesgarria Liga hasteko astebete faltan. Gogoratu Zumaian hasiko dela KAE 1 liga, igande honetan zortzi.
Beteranoek igande arratsaldean dute estropada, Bilbon, 16:30ean. Gaixotasun degeneratiboei aurre egiteko aldarri bezala antolatu dute estropada.
Bateletan, berriz, larunbatean, 11:30ean, Hernanin, Gipuzkoako Udaberri Ligako hirugarren jardunaldia jokatuko da. Hantxe izango dira Zumaiako harrobiko arraunlariak.