Aitor Olaziregi bosgarren Gipuzkoako erlojuaren aurkako txapelketan

Baleike 2014ko eka. 12a, 15:21

Aitor Olaziregik bere afizionatu mailako lehen banakako erlojuaren aurkakoan bosgarren bukatu du. Gipuzkoako txapelketan izan da eta laugarrenak 2 segundu atera dizkio, 29 hirugarrenak, 33 bigarrenak eta 1:27 irabazleak. 21 kilometroko ibilbidean Hyundai-Caja Ruraleko txirrindulari zumaiarraren bataz besteko abiadura 44,5 kilometro orduko izan da. 28 minutu eta 23 segundu behar izan zituen beraz ibilbidea osatzeko.

Lasterketaren balorazio oso ona egin behar da. Aurreko urteetako denborak ikusita, besteetan podiumerako denbora izango zen Olaziregik aurten egindakoak, parte hartzaileen maila oso handia izan baita aurten. Larunbat honetan Ataunen jokatuko du Euskadiko txapelketa. 136 kilometroko ibilbidea du karrerak eta Urkillaga bi aldiz eta Abaltzisketa behinizango dira zailtasunak.

Junior mailan, Viveros San Anton-Zumaiako Txirrindulari Elkarteko Gorka Etxabek laugarren bukatu zuen Gipuzkoako txapelketa; podiumetik kanpo 7 segunduk utzi zuten. Lan ona Aizarnazabalgoak egindakoa. Arazo mekaniko asko eta larriak izan zituen lasterketa hasi baino lehen eta nola-hala konponduta irteeran ez zuen hutsik egin baina ezin izan zionnahi bezalako lasaitasunarekin aurre egin horrelako aproba exijente bati. Gorka Etxabek badu beste albiste oso on ba: azken baieztapenaren zain, pistako Europako txapelketan parte hartzekotan baita. Okerrik ezean, eta azken orduko aldaketarik ez bada, Espainiako selekziorako aukeratuko dute Europako txapelketan parte hartzeko. Igande honetan berriz ere Mallorkan kontzentratuko da Espainiako selekzioarekin.

Viveros San Antongo beste kideek igande goizean Eibarren dute Gipuzkoako txapelketa.

Taldeko txikienei dagokienez larunbat arratsaldean Korta industrigunean, Zumaian bertan, emango diote amaiera 2014ko denboraldiari. 16.30an hasiko dira alebin eta infantilen lasterketak.