Itxas-Gain Eslovakian: ilusioz betetako taldearen lorpena

Baleike 2014ko eka. 12a, 13:07

Itxas-Gain kirol elkarteko jubenil mailako hiru piraguista, Unai Gereka, Imanol Barruetabeña eta Irati Osa, asteburu honetan Eslovakiako Piestany herrian jokatuko den Europako maratoi txapelketan hartuko dute parte. Urte osoko plangintzaren emaitza da txapelketan parte hartu ahal izana.

Eslovakia eta Austriaren arteko mugan dagoen Piestany herrian jokatuko da aurtengo Europako txapelketa, herri hori zeharkatzen duen Váh ibaian. Asteazkenean hasi eta igandera bitartean jokatuko da txapelketa, baina jubenilen hitzordua larunbatean izango da: 9:00etan gizonezkoena eta hiru minutu geroago, 9:03an, emakumezkoena. Mutilek 22,5 kilometroko proba beteko dute (6 bira zirkuituari eta 5 porteo) eta neskek 18,7 kilometrokoa (5 buelta eta 4 porteo). Unai Gerekak eta Imanol Barruetabeñak osatuko dute ontzi bat; Irati Osak Plentziako piraguista bat, Ainhoa Hidalgo, izango du kide berean.

Kirolariek, eta beraiekin joango den Ander Tolosa entrenatzaileak, asteazkenean joan ziren Eslovakiara. Gazteak animatzera joango den familiarteko eta lagunen taldeak gaur egingo du bidaia. “Espainiako selekzioak ostegunean egin behar zuen bidaia, baina guk egokiago ikusi dugu egun bat lehenago joatea”, zioen Xabier Osa entrenatzaileak astelehenean. “Ostegunean joatea berandu iruditzen zitzaigun. Egun bat bidaiarako behar da, beste bat asentatzeko. Denbora behar da asentatzeko, janariak ere desberdinak dira eta, tontakeria badirudi ere, klimak ere eragin dezake Ostiralerako asentatuta egotea nahi dugu, txapelketa honetara heltzeko lan handia egin dugu eta. Ilusio asko daukagu”, azpimarratu du piraguista beteranoak. Xabierrek ez du aurten txapelketa lehiatuko lan kontuak medio.

Maiatzean Badajozen egindako sailkatze estropadan lortu zuten hiru gazteek, lehen urteko jubenila hirurak, Eslovakiarako txartela. Urte oso plangintzaren erantzuna izan zen. “Denboraldia Joxema Balenciagak planifikatu digu, urriaren hasieratik denboraldi amaiera arte. Anderrek eta biok eramaten dugu uretakoa, baina planifikazio guztia Joxemak eramaten du. Joxemak prestatutako entrenamendua guk uretan aplikatzen dugu, kadetetan Anderrek eta jubeniletan orain nik. Elkarrekin egiten dugu lan”.

Hala ere, Xabierrentzat urteko lorpenik handiena eratu den taldea da: “Aurtengo gure lorpen handiena da talde bat osatu dugula entrenatzeko eta lanerako kristoren ilusioa duena. Taldea ez da bakarrik uretan entrenatzen duena; baita mutil hauek laguntzeko daudenak. Jende bat dago atzetik sekulako lana egiten ari dena. Hor daude Martin eta Azkune, ia entrenamendu guztietara agertzen direnak; kadete guztiak ere hor daude. Kepa Etxabe ere hor da: pasa den astean Europako txapelketan erabiliko diren piraguak Aranjuezera eraman behar ziren eta furgoneta hartuta berak eraman zituen. Oier Aizpurua dirua lortzeko prest agertu da. Cenci, Xabi Korta... Hori da lorpen handiena. Jende asko ari da inplikatzen ilusio batean. Jendeak, hedabideek, gazte hauek egindakoa azpimarratzen dute; guk talde baten lorpena bezala hartu nahi dugu”.

Entrenatzaileek ez diete presiorik egingo piraguista gazteei. “Presioa barrenean daramate. Nahi duguna da mutilak proba horretara disfrutatzera joatea eta han aurkituko duten hori gustura bizitzea. Gero domina ekarriko duten? Ez dakigu. Jubeniletan ez dakigu zer nolako mailako aurkariak izango dituzten. Dakiguna da lanak oso ondo egin ditugula. Hori badakigu. Edo behintzat ahalik eta ondoen egin dugula”.

Zozketa berezia

Aparteko kapitulua merezi du Espainiako Federazioaren jarrera: Espainiako selekzioarekin lehiatu behar badute ere, bidaiak, hotelak eta ekipamendua norberak, edo, kasu honetan bezala, klubak ordainduko ditu. “Berez behartuta daude selekzioko arroparekin joatera, baina kristoren buruhausteak ari gara izaten lortzeko. Pentsatzen dugu lortuko ditugula. Ezin dugu ekipamendu zaharrarekin joan, aurtengoa izan behar du, eta podiumera igotzen badira, Nazioarteko Federazioak behartzen du txandal osoarekin igotzera”.

Itxas-Gainek piragua berriak erosi ditu. Horrez gain, kontutan hartzekoa da Gerekak eta Barruetabeñak Munduko txapelketa ere jokatuko dutela. Irailean izango da, Estatu Batuetako Oklahoman. Honek guztiak eragin handia du klubaren diru kontuetan. Klubeko kide batzuk zozketa berezi bat ari dira prestatzen kutxa komunerako sarrerak gehitzeko.