Basustako kanpina: proiektutik errealitatera

Baleike 2014ko mai. 13a, 10:46

[/caption]

Makina hondeatzaileak lanean hasiak dira Basustako magalean, Zumaiako kanpina ezarriko den eremuan. Bi urte eta erdiz proiektu honetan inbertituko zuen norbaiten bila ibili eta gero, Basusta etxekoek lortu dute azkenean finantziazioa eta lanak abian dira. Arazorik ez bada, 157 partzelako kanpina 2015eko otsailean zabalduko da eta urte horretako Aste Santurako funtzionamenduan izango da. Hemen irakur dezakezue Baleike aldizkarian argitaratutako erreportajea.Basustako haztegiko instalazio zaharrak eraisten dabiltza makinak. Metro gutxira, etxe zaharretik hurbil, egur prentsatuarekin egindako teilatu berdeko bungalow bat dago. Bertan aurkitu dugu lanean Juan Luis Saez. Ordenagailuaren aurrean, telefonoa eskuan, datozen egunetarako agenda ordenatzen dabil. “Salgai ditugun bungalowak erosteko interesa dutenen zerrenda bat dut eta datozen egunetarako elkarrizketak zehazten nabil”. Bi logela, egongela, komuna, sukaldea eta balkoi txikia sarreran dauzka bungalowak. Kanpotik txikia dirudi, baina eroso egoteko baldintzak ditu etxe mugikorrak. “Burgoseko enpresa batek egin dizkigu. Tratua egin dugu guk beraiei erosiko dizkiogula bungalowak eta beraiek ez dizkietela beste inori salduko modelo honetako etxeak”. Are gehiago: Zumaia izena jarri diote modelo honi. Horrelakoak, handiagoak eta pixka bat txikiagoak ere jarriko dira Artadira eta Beduako irletara, Usurbiribillagara, ematen duen mendi hegalean.

Ideia 2009an

Orain bost urte izan zuen Saezek Basustako lursailetan kanpina jartzeko ideia. 2012an Baleikeri egindako adierazpenetan hala zioen: “Guk lehen ehizara bideratutako hegaztien haztegia genuen hemen, Basusta etxean. Krisiaren eraginez, ikusi genuen negozioa behera zihoala. Eta gero gertatu zitzaigun hegazti migratzaileek ekarritako gaixotasunarena. Administrazioak behartu gintuen hegazti guztiak akabatu eta urtebetez produkzioa gelditzera. Itxi egin behar izan genuen”. Urtebetera jaso zuten Basusta etxean berriro hegaztien negozioari heltzeko baimena, baina lege berriak ezarritako baldintzek ez zuten bideragarri egiten. Ordurako, baina, Juan Luis Saezek buruan zebilkien kanpinaren aukera. “Ni elektrizista naiz berez, eta egun batean egokitu zitzaidan Orioko eta Zarauzko kanpinen alboan dauden bi urbanizaziotan lan egin beharra. Kanpin haiek ikusita piztu zitzaidan ideia. Gero, lagun batek komentatu zidan, neuk ezer aipatu gabe, hegaztiak utzi eta kanpina muntatu beharko nukeela. Horrela jaio zen proiektu hau”.

Kilometro gutxiren baitan izango den laugarren kanpina izango da Zumaiakoa, Oriokoarekin, Zarauzkoarekin eta Itxaspekoarekin batera. Denentzat lekua dagoela uste du Saezek. “Eta gehiago egingo balira, haiek ere funtzionatuko lukete. Euskal Herrian turismoa indarra hartzen ari da. Orain arte ez gara turismoaz arduratu ere egin, edo ez da beharrik izan turismoa erakartzeaz arduratzeko. Etortzen zena ongi etorria zen. Orain, baina, badago turismoa erakartzeko beharra, eta lo egiteko lekuen aldetik eskaera eskaintza baino handiagoa da”.

600 lagunentzako lekua

Zumaiakoa, inguruko beste kanpinekin alderatuta, beste bezero mota bati zuzenduta dagoela uste du proiektuaren bultzatzaileak. “Zarautzek surfarekin eta sanferminekin egiten du urtea. Oriokoa lehen mailakoa da, baina hondartzan bertan kokatuta dagoenez, hondartzako giroari lotuta dago. Kanpinen merkatua aldatzen ari da. Gazteei zuzendutako kanpinak daude, ezkongabe eta dibortziatuei zuzendutakoak, minusbaliatuei zuzendutakoak, gay eta lesbianei zuzendutakoak… Guk gure ingurunearen maila bereko merkatura zuzendu nahi dugu gure eskaintza. Beste bezero mota baten bila goaz”.

Proiektuak Udalean eta udal zerbitzuetan izandako harrera ona goraipatzen du Saezek. “Ulertzekoa da, Zumaiak duen arazoetako bat alojamendu falta delako. Zer gertatu da azken Aste Santu honetan? Egunez jende pila zebilen herrian, baina gauez inor ere ez. Zergatik? Lo egiteko lekurik ez zutelako. Arazo horren jakitun dira Udalean eta begi onez ikusi dute proiektua, ostatua sortzeko eta turismoa erakartzen delako”.

Lanak amaitzen direnean, lehen mailako kanpina izango du Zumaiak. 157 partzela izango ditu, 600 lagunentzako kapazitatearekin. Egungoarekin alderatuta, Zumaiako lo egiteko lekuen kopurua zortzigatik biderkatuko da. “Kanpinak funtzionatuko du eta onuragarria izango da denontzat”.

Finantziazioa lortzeko zailtasunak

Udalean jasotako arreta azpimarratzen du, baina finantziazioa lortzeko arazoak aipatzen zaizkionean muturra okertzen du Juan Luisek. “Atzerapenak, agiriak, bankuak, burokrazia… 2012rako lurrak mugitzeko baimena nuen eta 2013ko uztailean lanak hastekoak, baina finantziaziorik ez genuen lortzen, eta hor joan zaizkigu bi urte eta erdi. Gaur egun negozio bat martxan jarri nahi baduzu, gauzak oso garbi izan behar dituzu eta ziur izan funtzionatuko duela, edo, bestela, egia esanda, ez duzu egiten. Enpresa berriak muntatzeko borondate gehiago behar da”. Banku guztietako ateak jo dituela dio, “arraroenetakoak ere bai, eta inon ere ez didate esan proiektua ez dela bideragarria. Baina, hala ere, dirua ez dute ematen”.

Azkenean, Popular bankuari eta Elkargi Elkarrekiko Garantia Elkarteari esker lortu du finantziazioa. Inbertsioa zenbatekoa den galdetutakoan, “handia” dela dio; ez du zenbatekoa esan nahi. Kopuruaren zati handi bat, “lanen kostuaren % 70”, irisgarritasun araudiak eramaten dituela dio. “Araudi horrekin malda handienak % 6koak izan daitezke. Araudiak dioena kontuan izanik, kanpina mailatan egingo da”.

Denborarekin proiektua aldatzen joan dela dio Juan Luisek. Gaur egun, kanpinean hauek jartzea aurreikusten da: salgai dauden bungalowak jartzeko 21 partzela (hasieran 76 aurreikusten ziren), alokatuko diren bungalowak jartzeko 10 partzela, autokarabanak eta karabanak jartzeko 76 partzela eta kanpin dendak jartzeko 30-35 partzela. “Baina hori aldatu ahal izango da eskaeraren arabera. Partzela guztiek izango dituzte ur, argindar edo isurbide zerbitzuak, eta egunen batean bungalow kopurua handitu edo txikitu behar bada, ez da arazorik izango”, adierazi digu Saezek.

Igerilekua eta jatetxea

Kanpinak beste zerbitzu batzuk ere eskainiko ditu, hala nola, igerilekua edota taberna-jatetxea. “Lehen mailako kanpina izateko behar-beharrezkoa da igerilekua edukitzea. Hasieran, bi igerileku aurreikusten ziren, baina azkenean bakarra eraikiko da. Bi hondartza eta ibaia dituen herri batean zentzu handirik ez zuen igerileku bat baino gehiago jartzeak”. Taberna-jatetxearen kudeaketa eskualdatzeko asmoa erakutsi du Saezek. “Pertsona egoki bat behar dugu horretarako eta dagoeneko badago jendea interesatuta. Profil hori betetzen ez duen pertsona aurkituko ez bagenu, guk geuk eramango genuke kudeaketa. Azken finean, jatetxe on bat izateak garrantzi handia du kanpin batean. Txarra izanda, hondora zaitzake”. Jatetxe hori kanpineko bezeroei bakarrik ez, kanpokoei ere zabalik egongo dela adierazi du, baita inguruko enpresei ere.

Gaur egun bada autokarabanen gune bat Estazioko industrialdean. Saezek dio espazio horrek ez duela araudia betetzen. “Egungoa legez kanpo dago, ez dituelako arauak betetzen: inguruan hesia izan behar dute, komunak, harrera… Gainera, ezin du zabalik dagoen kanpin batetik kilometro bat baino distantzia txikiagora egon. Nik uste Udala kanpina zabaldu zain dagoela gune hori lekuz aldatu edo ixteko”.

Lanpostuak sortuko ditu

Negozio honekin lanpostuak sortuko direla azpimarratzen du Juan Luis Saezek. “Urtarokoak dira, baina lanpostuak dira. Behe denboraldian hiru bat langile egongo direla aurreikusten dugu; goi denboraldian, berriz, kopurua biderkatu egingo da eta hamar bat langile izango direla pentsatzen dugu. Jatetxean, berriz, 4-5 langile aurreikusten dira urtean zehar eta 10-15 udan”.

Lanak hasi besterik ez dira egin Basustako mendian; obrek oraindik luze joko dute. “Kontratuaren arabera, hamar hilabeteko epean bukatuta egon behar dute lanek. Gauzak ondo joanez gero, 2015eko otsailerako zabalik izango dugu kanpina”. Magalaren eraldaketa martxan, bungalowak saltzeko lanetan dabil Juan Luis Saez. “Moduluak erostera etortzen den jendea urte askotan hona uda pasatzera etorritakoa da: Eibarkoa, Zumarragakoa… Urrutienak Gasteiz, Iruñea edo Bizkaiko jendea da. Interesatuta dauden 30 bat lagunez osatutako zerrenda daukat eta egunotan elkarrizketak izaten ari naiz. Itxaropentsua naiz eta maiatzerako denak salduko ditudalakoan nago”.

Hamaika hilabeteko urtea

Kanpinei aplikatzen zaien araudia aldatu egin da azken urteetan. Hala, legedi berriaren arabera, bungalowen jabeek etxe mugikorra kokatzen den partzelaren alokairua urtero berritu behar dute, eta urte osoko alokairuak berez hamaika hilabetekoak dira. “Neurri horrekin bungalowa bigarren etxebizitza bihurtzea ekidin nahi da. Horretarako, hilabetez hutsik egotera behartzen du legediak. Hilabete horretan, abenduaren 15etik urtarrilaren 15era, itxiko genuke kanpina”, dio Juan Luis Saezek. Kanpinek Aste Santuan, zubietan eta udan funtzionatzen dute ondoen. “Hamaika hilabete horien baitan, proposatzen diegu bezeroei 180 egunetan etor daitezkeela. Egun kopuru horren barruan asteburu guztiak, zubiak, oporrak eta jaiegunak sartzen dira. Egun horietan zerbitzu guztiak eskainiko genizkieke. Baina egun horietatik kanpo, astegunetan, zerbitzu minimoak besterik ez lituzkete aurkituko. Horrekin ekidin nahi dugu bungalow baten jabea bertan bizitzen geratzea”.

“Kanpinak onura ekonomikoa ekarriko dio herriari”

Basustako kanpinak Zumaiako turismoan aurrerapauso garrantzitsua ekarriko duela uste du Esti Irureta Udaleko turismo teknikariak. “Garai hauetan halako ekimen pribatu bat izatea oso garrantzitsua da. Zumaiak ez du lo egiteko leku askorik, batez ere gazte, talde edo familientzat, eta proiektu hau garrantzitsua da alde horretatik”. Turistak erakartzeko bakarrik ez, herrian antolatzen diren hainbat ekitaldirekin hurreratzen den jendea jasotzeko baliagarria delakoan da Irureta. “Hor ditugu hainbat kirol ekitaldi: Flysch Traila, orain gutxi izan den eskubaloi txapelketa… Jende horrek beste herrietan egiten du gaua, Zestoan edo Zarautzen. Kanpinak aukera emango digu Zumaian geratzeko”.

Zumaiak gero eta bisitari gehiago erakartzen ditu, baina alojamendu kopurua ez dator bat gehikuntza honekin. “Flyscha dela, Geoparkea dela, Zumaia indarra hartzen ari da, baina lo egiteko lekuen aldetik oso mugatuta dago. Gero, kanpinak Geoparkearen filosofiarekin bat egiten du. Ez du inpaktu handia sortuko; gure filosofiarekin bat datorren ostatu mota da”.

Zerbitzu honek herriko ekonomian eragina izango duela uste du Iruretak. “Kanpinak onurak ekarriko dizkio herriko ekonomiari. Turismoa beste sektore ekonomiko bat da eta garatu beharra dago, betiere ingurunea eta herriaren izaera errespetatuz”.