TS Fundiciones okupatu dute langileek

Baleike 2014ko api. 29a, 09:11

Gaur goizean TS Fundiciones enpresa okupatu dute bertako 100 langilek, enpresa likidatzeko hartu den erabakia salatzeko. "Hemen geldituko gara Eusko Jaurlaritzatik Arantxa Tapia industria sailburua etorri eta Urola Kostan lanpostuak sortzeko zer plangintza dagoen esplikatzen digun arte", iragarri dute langileek. Langile batzuk teilatuan daude eta beste hainbat kateatu egin dira.

Joan den larunbatean manifestazioa egin zuten Zumaiako kaleetan, TS Fundiciones itxi eta saltzeko erabakiaren aurka, eta gaur goizean beste urrats bat egin dute mobilizazioetan, lantokian sartu eta okupatuz. Langileen ordezkari Asier Lizasok Info7 irratiari azaldu dionez, han gelditzeko asmoa daukate, Eusko Jaurlaritzak azalpenak eman arte; zehazki, industria sailburu Arantxa Tapiari egin diote dei: "Tapia Zumaian bizi da eta badago Urola Kosta nola dagoen, %24ko langabeziarekin. Eusko Jaurlaritzakoak ikusten ditugu behin eta berriro argazkiak ateratzen ondo doazen enpresetan, baina oraindik ez dute argazki bakar bat egin gaizki doazenetan. Hemen geldituko gara norbaitek Urola Kostarako zer plangintza dagoen azaldu arte".