Jaietako hilabeteren faltan, San Telmo ermitak hainbat konponketa behar ditu. Baseliza zaintzeaz arduratzen den Jose Miguel Irigoienek hala jakinarazi du azken egunotan zenbait hedabidetan –hemen DVko erreportajea eta ETB1eko Euskal Herria Zuzenean saioko bideoa–. "Teilak mugituta daude; zorua hondoratu egin da zenbait lekutan; sakristiako sabaian zulo handi bat dago... Eta lapurretan sartzen dira sarri", salatu du Irigoienek.
Arazoa da gaur egun ermita ez dela inorena. Kofradia desagertu zenean ez zen inoren ardurapean gelditu. Irigoienek zaintzen du, baina egin beharreko lanak nork ordaindu da kontua. Udalak jakinarazi duenez, baseliza bere izenean jartzeko tramiteak hasiak ditu, eta aurrerantzean bera arduratuko litzateke San Telmo behar bezala mantentzeaz.