Nazareko (Portugal) nazioarteko bodyboard txapelketa irabazi du Alex Urangak. Proba ez da munduko zirkuituan sartzen, baina munduko espezialista onenetako batzuk izan dira bertan lehian, Portugalgo rider onenekin batera. Han izan dira, besteak beste, Pierre Louis Costes eta Amaury Lavernhe. Alexek txapelketa bikaina egin du eta seiko finalean 37,5eko puntuazioa lortu du, Costesek baino bi puntu gehiago. Munduko olatu handienak surfeatu diren lekua izateagatik egin da ezagun azken urteotan Nazare herria.
Aurtengo txapelketan 24 parte-hartzaile izan dira lehian. Portugalgo ordezkari onenekin batera, Pierre Louis Costes, Amaury Lavernhe eta Alex Uranga izan dira izar aipagarrienak Nazareko Praia do Norten. Seiko finala goi mailakoa izan da, eta guztien artean onena Alex Uranga. Hau izan da azken sailkapena: 1. Alex Uranga (37,5 puntu), 2. Pierre Louis Costes (35 puntu), 3. Tiago Silva (33), 4. Dino Carmo (25,5), 5. Amaury Lavernhe (24,5) eta 6. Jaime Jesus.
Denboraldiari hasiera bikaina eman dio Alexek, garaipen honen aurretik Hawaiin finalerdietaraino iritsi baitzen.