BIDEOA: Segurtasuna bermatu arte luiziaren ondoko bizilagunak ezingo dira etxera itzuli

Baleike 2014ko mar. 7a, 12:06

Gaur goizaldean luizia gertatu da Talaimendin, Juan Belmonte kaleko 51. atariaren alboan –Inpernupe aldera dagoen azken blokea–. Zorionez, ez du etxea harrapatu, baina, hala ere, oraingoz bizilagunak ezingo dira etxera itzuli, segurtasuna bermatu arte. "Lur zati handi batzuk erortzeko zorian daude eta horiek kendu egingo dira lehenbailehen, eta ondoren behealdean horma bat jarri, lurrari eusteko", azaldu du Iñaki Agirrezabalaga alkateak. Bizilagunak kexu dira, luizi arriskuaz behin baino gehiagotan kexatu direlako.

Makinak hasi dira lanean

Juan Belmonteko 51. atariko hirugarren pisuan bizi dira odriozolatarrak. Goizeko zazpiak aldera udaltzainak etxera etorri eta irtenarazi egin dituzte. Kalean daude orduz geroztik. Goizeko lau eta erdiak aldera erori dira harri handienak, Angel Odriozolak azaldu digunez. "Zarata handia entzun da orduan. Bestela, gau osoan pixkanaka etorri da behera malda". Alex semeak gauerdian entzun zituen lehen harriak erortzen. "Telebista ikusten ari nintzela konturatu nintzen harri batzuk ari zirela erortzen". Gaur goizaldean, zazpiak aldera, etxetik aterarazi dituzte. "Zorionez pixkanaka erori da eta etxeetatik eskuinaldera. Pixka bat ezkerralderago eta lehenengo solairukoari sukalde barruraino sartuko zitzaion".

Sei familia bizi dira gaur egun 51. blokean. Carmelo Regalado lehen solairuan bizi da. Kezka handiz begiratzen dio etxeko balkoiari. Luizia oso gertu gelditu da. "Oso kezkatuta gaude atzealdeko malda honekin, eta aspalditik ari gara kexatzen. Oraingoan libratu dugula ematen du, baina oso gutxigatik". Izan ere, etxebizitza-blokeak Talaimendiko maldatik oso gertu daude, eta bizilagunek diote malda ez dagoela batere seguru. Behin baino gehiagotan eskatu dute neurriak hartzeko, baina gaur arte.

Luizia gertatu den malda aztertzen izan dira goizean udal teknikariak, alkateak eta ingeniariak. Lehen ondorioa da, printzipioz, ez dagoela luizia ezkerrerantz –zuzenean etxeen parera– zabaltzeko arriskurik. "Gaur, lehenbailehen, egingo duguna izango da goian erortzeko zorian gelditu den lurra kendu, behean pilatutako garbitu pasabide libre uzteko, eta ondoren horma bat egingo da lurrari eusteko", azaldu du Iñaki Agirrezabalaga alkateak. Segurtasuna bermatu arte bizilagunak ezingo dira etxera itzuli, baina alkateak espero du lanak azkar amaitzea.