Olaziregi: "Ez nuen espero horrela ibiltzea"

Baleike 2014ko ots. 22a, 20:20

Ilusioan ez zion gaur inork irabaziko tropelean: denetan gazteena, afizionatu mailan debuta, non eta etxean. Nerbioak ere ez zituen izango aparte, baina lehen pedal kolpeak eman orduko errepidean zentratu eta lan txukuna egiteko gauza izan da Aitor Olaziregi (Caja Rural-Hyundai-Niessen). Tropelari aurre hartuta ere ibili da, ihesaldi batean sartuta. Azkenean, tropelean iritsi da helmugara, irabazlearen denbora berberean. "Ez nuen espero horrela ibiltzea", aitortu digu; "maila handia dago eta jubeniletatik igota erritmo aldaketa ere igertzen da". Lasterketari dagokionez, Jon Irisarrik irabazi du (Edp), esprintean Mikel Hernandez (Debabarrena) eta Imanol Diaz (Ugaraga) gaindituta.

Helmugara iristean (84. sailkatu da), lau hitz kendu dizkiogu Olaziregiri:

 Karrera zer moduz?

Gustura. Ez nuen espero horrela ibiltzea. Nibel handia dago eta jubeniletatik igota erritmo aldaketa ere igartzen da. Pelotoian ere ia 200 lagun ginen eta tentsioa zegoen.

Ihesaldi batean ere parte hartu duzu...

Halako maila batean aurpegia ematea gauza ona da.

Lastima harrapatu zaituztela.

Buelta bat ihesean emateko aukera eman digute, baina… Talde bati ez zitzaion komeniko ihesaldi hori eta tiratzen jarrita harrapatu gaituzte. Badirudi txirrindularitzan pelotoiak ihesaldiekin jokatu egiten duela. Bukaerara begira pelotoiak ondo kalkulatzen du ihesaldia noiz harrapatu.

Maila aldaketa igerri al duzu?

Bai, aldaketa handia da. Azken finean, jubeniletan hamabost bat txirrindulari ibiltzen ginen aurrean eta atzetik izaten zen pelotoia. Hemen ere hamabost bat izango dira aurrean dabiltzanak, baina atzetik ere maila oso handia dago. Azkenean parekatuagoa geratzen da.

Zure lehen denboraldia da afizionatu mailan. Zer helburu dituzu?

Lehen urtean ikasi egin nahi dut eta maila honetara ohitu. Gero, emaitzaren bat lortzen badut, ongi etorria izango da