BIDEOA: "TSko langileak mendeku politika baten erdian aurkitzen gara"

Baleike 2014ko ots. 20a, 18:27

TS Fundicioneseko jabe nagusiek enpresa hondoratzeko estrategia betetzen ari direla salatu dute TSko langileek. Langileek garbi dute TSko jabe nagusi izan diren bi familien arteko mendekuaren biktima direla [ikus bideoa]."Sorazutarrak umiliatuta sentitu ziren bere garaian Aizpurua familiak gehiengoa zuenean, eta beraien enpresa propioa sortu zuten –WEC–, TSri konpetentzia zuzena eginez. TSren kontrola lortu dutenean, berau hondoratzea izan da estrategia, lana eta merkatua WECen esku utziz, eta aizpuruatarrak jokoz kanpo utziz". Hala ere, langileek susmoa dute behin enpresa likidatutakoan berriro zabalduko dutela, beste izen batekin, askoz lan baldintza eskasagoak eskainiz.

Sorturen oharra: TSko langileekin elkartasuna

Borroka horren erdian, langileak dira gehien sufritzen ari direnak. Gaur goizean Arroa Beheko lantokitik abiatu dira oinez Zestoako kiroldegiraino. Atarian prentsaurrekoa eskaini dute, bidegabekeriaren nondik norakoak azaldu eta jabeen jokaera salatzeko. Beraien uste dute TS bideragarri dela, eta jabeak izan direla galzorira eraman dutenak, propio horretarako diseinatutako estrategia batekin. Iragarri dute ez daudela isilik gelditzeko prest eta, mobilizazioez gain, gaia epaitegi zibilera eramateko asmoa dute, ardurak garbi gera daitezen. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote esku har dezan arazo honetan, "injustizia honen guztiaren aurrean langileon alde posizionatu" dadin. Urola Kostarentzat benetako politika industriala martxan jar dezan ere eskatu diote.

"Langile batzuk diruz oso larri daude"

Borroka luzea da TSko langileek daramatena. Dagoeneko langabeziaren zati handi bat janda dute askok, Lana Erregulatzeko Txostena aplikatu baitu enpresak behin baino gehiagotan. "Langile batzuk diruz oso larri daude, oso gaizki ari dira pasatzen. Bat edo beste dagoeneko etorri da laguntza eske. Pobreziaren amildegira eraman nahi gaituzte".

Hala eta guztiz ere, langileak prest daude zuzendaritzarekin negoziatzeko. Hori bai, ez dute onartzen, inola ere, TS likidatzearen ardura beraiei leporatzea. "Gu egin nahi gaituzte errudun gezurrez betetako oharrekin. Joko zikina ez dugu onartuko". Mobilizazioekin jarraituko dute datozen egunotan. Bihar, ostirala, manifestazioa egingo dute Zestoan, eguerdian itxialdia amaitutakoan.