BIDEOA: Bi garabi behar izan dira 'Zumaia Noveno' atoiontzia uretaratzeko

Baleike 2014ko ots. 18a, 18:21

Arratsaldeko hirurak aldera uretaratu dute Zumaia Noveno atoiontziaren kroskoa, bi garabi handiren laguntzarekin. Zumaia Shipping enpresak eraiki du Sarauneko zabalgunean, eta oraindik denbora bat egingo du Zumaian, muntaketa lanetarako. Portutako hainbat zereginetan laguntzeko dago diseinatua: dragatze lanak, eraikitze lanak...

Ordu erdi inguru behar izan dute Zumaia Noveno atoiontzia lehen aldiz uretan jartzeko. Kroskoaren 190 tonak altxatzeko bi garabi handi behar izan dituzte, baina arazorik gabe bete dute lana. Zumaia Shipping enpresa da armadorea eta eraikitzailea. 1997an Remolcanorte sortu zen Zumaian eta duela zazpi urte Ondarroara joan zirenean aldatu zioten izena. Aurrez beste zortzi atoiontzi egin dituzte, baina hau da beraien kabuz eraikitako lehena –orain artekoak azpikontratatuak izan dira–.

Atoiontzi hauek lan anitzetarako daude prestatuta, batik bat portu barruko lanetarako. Horretarako, besteak beste, 120 tonako indarra izango duen garabia jarriko diote brankan, eta 90 tonakoa popan. 830 zaldiko indarra duten bi motor edukiko ditu. Gainera, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera garatutako ORC sistema izango du uraren berotasunetik argindarra lortzeko.

Orain arte eraikitakoak Mediterraneoan, Afrikan eta Europa iparraldean ari dira lanean. Zumaia Noveno-k, hasieran behintzat, Kanariar Irletako Santa Cruz de Tenerifen izango du egoitza.