Zestoako TS Fundicioneseko langileek haserre jarraitzen dute, baina ez daude etsitzeko prest. Mobilizazioak iragarri dituzte eta zuzendaritzarekin negoziatzeko prest daudela azaldu dute. [Urola Kostako Hitzak landutako albistea]Lantegiaren itxieraren berri izan zutenetik lehenengo asanblada egin dute atzo goizean. «Bilera gogorra izan da; suminduta daude langileak, gertatu denaren errua guri egotzi digutelako». Horren aurrean, elkarretaratzea egingo dute gaur Itziarreko WEC lantegiaren aurrean —TSko akzionisten beste lantegia—, Zestoako TS Fundicionesen likidazioaren kontra. Asteazkenean beste elkarretaratzea egingo dute Arroako plantaren aurreko biribilgunean, 11:00etan, eta ostegunean 24 orduko itxialdia egingo dute Zestoako kiroldegian, Arroako lantegitik Zestoara oinezko martxa egin ondoren. Datozen egunetan mobilizazio gehiago izango direla aurreratu dute beharginek.
Bien bitartean, «negoziatzeko prest» dagoela berretsi du Enpresa Batzordeak, eta gezurtatu egin du soldatak —Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenaren %50 handiagoak— eta 35 orduko lanaldia mantentzea eskatu izana. «Eskatzen dugun gauza bakarra kaleratzerik ez izatea da. Puntu guztietan negoziatzeko prest gaude, baina beraiek dira negoziatu nahi ez dutenak». Irekita jarraitzen du Zestoako lantegiak, baina soilik zazpi langile ari dira lanean; «hiru pieza falta dira egiteko, eta langileek mehatxu egin die, lanera joan ezean espediente zigortzailea irekiko zaiela», salatu dute. Enpresa datozen egunetan ixtea aurreikusi dute langileek.