Larrazabalek eta Gringo txakurrak lasterketa hasieratik hartu zuen burua eta Etxeberria anaiak ez ziren Okondokoa (Araba) harrapatzeko gai izan. Larrazabalek 27:02ko denbora egin zuen, hiru segundora iritsi zen Mikel Etxeberria eta 22ra Pedro Etxeberria. Emakumezkoetan Sonia Albarezek irabazi du (35:29). Iaz hanka hautsi zuen lasterketa honetan eta aurten arantza ateratzeko gai izan da, Marshal txakurrarekin. Maddi Mutuberriak eta Iratxe Albizuk osatu dute podiuma.
Jose Felipe Larrazabal: "Niri lokatzetan ibiltzea gustatzen zait"
"Lasterketa oso gogorra izan da. Mikel Etxeberria topera atera da. Harrapatu eta buruan jarri naizen arten estu ibili naiz. Ez da atseden unerik egon. Batera atera gabe, baina ni atzetik. Denok bateko ilaran joan gara hasieran. Abiatu eta minutu eta erdira lortu dut aurrean jartzea, eta ondoren tartea zabaltzea lortu dut. San Lorenteko zelaian abantaila atera dut, baina jaistean pixka bat geldiarazi egin behar izan dut txakurra, erortzeko zorian nenbilelako. Pedro eta Mikel oso indartsu jaitsi dira eta errepidera iristerako ia harrapatu naute. Baina jaitsieran ni baino gehiago nekatu dira eta azken kilometroan txakurra zirikatu eta berriro tartea zabaldu dugu.
Ibilbidea zoragarria zegoen. Niri lokatzetan ibiltzea gustatzen zait, ez errepidean. Belarra zen dena eta ez zirudien lokatz handirik egongo zenik goiko zelaian, baina 70 lagun eta haien txakurrak pasa ostean, dena lokaztu da eta oso polita jarri da. Gainera, euririk ez eta tenperatura ondo egin digu".
Sonia Albarez: "Beldurra pasa dut jaisterakoan"
"Aste honetan ibili gara probatzen eta zapaltzeko tamainan zegoen, baina azken bi egun hauetan egin duen euriarekin erreka bihurtu da eta oso arriskutsua zegoen. Gora ondo igo gara, gure tamainan. Pinutegian basa asko topatu dugu.Eta jaisteko gaizki, oso labaina. Beldurra ere pasa dut jaisterakoan (iaz hanka hautsi zuen), baina behin karreterara heltzerakoan, hobeto. Gustura. Bakoitzak bere tamainan egin du lasterketa. Ez dugu minik hartu nahi. Datozen asteetan lasterketak ditugu.
Denboraldiari tamaina hartzen ari gara. Azaroan hasi ginen eta oraintxe gaude indarrarekin eta orain ari gara postu onak lortzen. Txakurkrosean buru belarri murgildu naiz, gogo handiarekin nago, ilusio handiarekin eta segitzeko asmoarekin".
Sailkapena: Zumaiako III. Txakur Krosa