Argazkiak: Itsaso ikaragarriak txikizioa eragin du barran eta garabia uretara bota du

Baleike 2014ko ots. 2a, 13:30

Alerta gorria zegoen iragarrita goizalderako eta ez alferrik: itsasoak ikaragarrizko indarra ekarri du eta kalte handiak eragin ditu, barran batik bat. Ostiraleko istripuan matxuratu zen garabia ere uretara bota du, behealdetik doan bideari hamar metro jan dizkio, eta goialdeko petrilaren zatiak eraman ditu, bai barra aurrealdean, bai barra zaharrean.

Itzurunen ere petril zati bat eraman du. Itsasgoran olatuak barruraino sartu dira, Parolpeko eta parolbideko petrilaren gainetik eta Inpernupetik jauzi eginez. Arranplan ere gainezka egin du (Jon Etxaberen bideoa). Kostako errepidean ere kalte handiak eragin ditu itsasoak; Getaria eta Zarautz arteko pasealekua txikitu egin du hainbat puntutan, eta errepide zati bat ere eraman du Zarautz parean. Pixkanaka behera egingo du olatuen tamainak, baina oraindik ere bost metrotik gorakoak izango dira arratsaldean. Erne beraz itsasgorarekin.