Ikasberriri irabazita, lidertzatik bi puntura jarri da Zumaiako

Baleike 2014ko urt. 29a, 17:34

Larunbatean 3-1 irabazi zion Zumaiakok Azpeitiko Ikasberri taldeari eta dagoeneko lehen postutik bi puntura dago. Partida bat gutxiagorekin amaitu arren, ia partida osoan nagusi izan ziren etxekoak. Sailkapeneko lehen postuetan zazpi talde daude bi punturen aldean.

Ikasberrik gogor ekin zion partidari eta zumaiarrak ez ziren lehen minutuetan jokoari neurria hartzeko gai. Horrela, Azpeitiarrek 0-1 aurreratu ziren, kontraerasoan egindako golarekin. Baina, golak, piztuta edo, handik aurrera Zumaiako gehiago izan zen. Banako berdinketa atsedenaldia baino lehen iritsi zen. Leonek Arronaren erdiraketa ederki baliatuta. Bigarren zatiari bide beretik ekin zioten, eta Arronak berak egin zuen 2-1ekoa, area barnetik egindako jaurtiketan.

Partida bideratuta zegoela zirudienean, Michael kanporatu zuen epaileak. Azken ordu erdia bat gutxiagorekin jokatu behar izan zuen Zumaiakok. Baina ez zuten amore eman. Ikasberrik asko estutu zuen, aurrelari gehiago atera eta golaren bila joan zen, baina atzelariek ondo erantzun zuten. Hirugarrena egiteko aukera bat baino gehiago izan zuen Zumaiakok, eta azkenean iritsi zen lasaitasunaren gola, azken minutuan. Ibanek lortu zuen, aspaldian Aita Marin ikusi den gol ederrenetakoa.

Zumaiakoren hamaikakoa hau izan zen: Iraitz; Bozas, Moña, I. Martin, Txoko; Buru, Arrona; Michael, Leon, Jokin eta Murillo I. Landa, Unamuno eta Ibanek ere jokatu zuten. Hurrengo partida Tolosaren aurka jokatuko dute.

Beste emaitzak

Ohorezko jubenilek bigarren garipena lortu zuten. Zarautzen aurkako partida bere biziko garrantzia zuen, zarauztarrak jatsiera ekiditeko aurkari zuzenak baitira.  Partida 1-4 amaitu zen, azkenaldian jokoa hobetzen ari direla berretsiz. Golak Ikerrek eta Fleitasek sartu zituzten, bina bakoitzak.

Ohorezko kadeteak galdu egin zuten aspaldiko partez. Zortzi partida zeramatzaten galdu gabe, baina Lagun Onak taldea gehiago izan zen eta merezita eraman zituen hiru puntuak.

Lehen mailako kadeteek, 1-5 irabazi zuten Zestoan. Partida ona jokatu zuen Piniren taldeak, koparako sailkatzeak onura egin diola ematen du beraien mailako taldeen aurka jokatzen baitute eta taldea hazi egiten ari dela demostratzeko. Goleatzaileak: Haba (2),Ibon, Iñigo eta Haritz.

Ohorezko kadete neskek 2-6 galdu zuen Añorgaren aurka. Gogoratu beharra dago, Añorga txapelketa irabazteko lehian dagoela. Taldeak aurpegia eman zuen nahiz eta gero markagailuan alde handia egon. Golak, Irenek eta bere atean Añorgako jokalari batek.