Aurreko urteko esperientziaren arrakasta ikusita, bideo lehiaketaren bigarren edizioa antolatzea erabaki du ZISKEk. Otsailaren 21ean egingo dute bideo emanaldia Tximista tabernan, 23:00etatik aurrera. Lanak aurkezteko epea otsailaren 18an amaituko da, eta Spot dendan entregatu beharko dira, CD, DVD edo pen-drive batean. Bideoek bost minutuko iraupena izango dute gehienez (gutxi gorabeherako erreferentzia da).
Gaiari dagokionez, surfeko eta bodyboardeko bideoak eskatzen dira, baina baita ere olatuenak edota itsasoarekin zerikusia dutenak. Surfa aitzakia izan daiteke sormena eta umorea lantzeko, iaz Itzurun Shore bideoan egin zuten modura.
Hiru sari nagusi egongo dira. Irabazleak 80 euro eskuratuko ditu, bigarrenak 60 eta hirugarrenak 50. Hemen bada berrikuntzarik, saridunak erabakitzeko ez baita epaimahai aditurik izango. ZISKEko kide eta lehiaketako antolatzaile Roberto Fuentesek azaldu duenez, aurten otsailaren 21eko emanaldian bilduko den jendeak aukeratuko ditu saridunak: “Emanaldia amaitzen denean txartel batzuk banatuko dira jendeak aukera dezan gehien gustatu zaion bideoa, eta horrela erabakiko dira sariak”. Sariez gain, arropa eta afaria zozkatuko dira.