Kauldi Odriozola: “Europako Txapelketa jokatzeko aukera aprobetxatu nahi dut”

Baleike 2014ko urt. 18a, 15:15

Europako jubenil mailako txapelketa jokatzeko txartela lortu berri du Espainiako selekzioarekin, Txekiar Errepublikari (33-19), Ukrainari (38-16) eta Lituaniari (30-16) irabazita. “ Europako Txapelketa Polonian jokatuko da, abuztuaren 14tik 24ra, eta han egotea gustatuko litzaidake, horrelako aukerak gutxi izaten dira eta”.

Atseden pixka bat hartzeko gogoarekin baina lortutakoarekin pozik bueltatu da Kauldi Espainiako selekzioarekin Galizian jokatutako partidetatik. Europako Txapelketarako sailkatze faseko hiru partidetan minutu asko jokatzeko aukera izan zuen, baita golak egin ere (11 guztira). Hala ere, Galiziara ez joateko zorian egon zen. “Justu aurretik Euskadiko selekzioarekin Autonomia arteko txapelkera izan genuen Asturiasen. Final-laurdenetan, Kataluniaren kontra, kolpe handi bat hartu nuen hankan. Biharamunean ezin nuen ia oinez ibili. Zorionez ez nuen ezer hautsita, baina atseden hartzeko aholkatu zidaten". Azkenean Galiziara joatea erabaki eta izan zuen garaiz errekuperatzeko aukera.

Bakarkako lana gimnasioan

Pulpon lehen lerroan jokatzen du, eskuinetik, baina Espainiako selekzioan hegalean jartzen du hautatzaileak. “Han handiagoak dira denak, aurkariak ere bai. Hegalean jartzen nau. Baloi gutxiago iristen dira, baina aukerak aprobetxatu egin behar dira”. Fisikoan du, hain zuzen ere, erronkarik handiena. “Behin hautatzaileak galdetu zigun ea astean zenbat ordu entrenatzen genuen. Denek astean lauzpabost entrenamendu egiten dituzte klubean, eta gimnasiora bi, hiru edo lau aldiz joaten dira… Bartzelonakoak goiz eta arratsalde, bost egun astean. Astean 15 bat ordu egingo dituzte. Nik lau ordu eta erdi”. Desabantaila hori orekatzeko gimnasioan bakarka egiteko lana jarri zioten, eta orain hobeto moldatzen da. “Selekzioko beste jokalariak talde handietan daude, Asobal Ligakoak dira asko. Pulpo herri txiki bateko kluba da, hor lanean dagoen jendeak ez du sosik kobratzen, entrenatzaileak borondate hutsez daude. Bartzelonakoak profesionalak dira, beti jokalarien gainean daude, akats txikiena ere zuzentzen. Alde horretatik, nik badut oraindik hobetzeko aukera”.

Izan du Pulpo utzi eta talde handiago batera jauzi egiteko aukera, baina burua ondo zentratuta dauka, eta ikasketak amaitzea hobetsi du. “Bidasoa, Ademar Leon eta Valladolidetik deitu zidaten, baina eskubaloia dagoen bezala eskaintzak ez dira onak, ziurgabetasun handia dago. Batxillergoa hemen bukatuko dut eta gero ikusiko dugu. Unibertsitateko ikasketak eskaintzen badizkizute eta diru pixka bat, orduan kanpora joateko aukera ona izan daiteke. Ikusiko dugu aurrerago. Hemen gustura nago”.

Hala ere, ez du ukatzen bere ametsa dela eskubaloi jokalari profesionala izatea. “Espainiako selekziora iritsi naiz eta serio ari naiz entrenatzen. Nire ametsa da jokalari profesionala izatea urte batzuk, baina oso garbi daukat ikasketak lehentasuna direla. Gauzak ondo bidean, eskubaloitik bost urte bizi zaitezke, hamar, baina ez erretiratzeko moduan. Hori munduko onenek bakarrik egin dezakete”.

Pulporekin bi erronka

Abuztuko Europako Txapelketaren aurretik, bi erronka dauzka Pulporekin: “Jubenilekin Euskal Liga irabaztea eta zaharrekin mailari eustea”. Izan ere, lehen urteko jubenila izanik, Pulpoko lehen taldearekin ere jokatzen du Kauldik. “Asteburu honetan, adibidez, zapatuan Bidasoaren aurka jubenilekin eta igandean Romoren aurka zaharrekin”. Helduen partidak gustura jokatzen dituela dio, fisikoki zailagoak direlako, erronka handiagoa.

Gero etorriko da Poloniakoa. “Aurrena deialdia sartzea lortu beharko dut. Ondoren, gogorra izango da uztailean selekzioarekin entrenamenduak goiz eta arratsalde egitea lagunak hondartzan dauden bitartean, baina bizitzan aukera gutxi izango ditut Europako Txapelketa jokatzeko eta aprobetxatu egin nahi dut”.