Zuzendarien asmoak salatu eta manifestazioa deitu dute TSko langileek larunbaterako

Baleike 2014ko urt. 16a, 14:09

Enpresako zuzendaritzak hartutako bidea beldurgarritzat lotsagarritzat jo dute langileek gaur goizean Zestoako plazan egin duten agerraldi publikoan. Zuzendaritzak "50 langile kaleratu eta beste 48 urtebetez EREra bidali" nahi dituela salatu dute, eta lanean segituko luketeen 40 langileak baldintza askoz eskasagoetan. Jaurlaritzari eskatu diote neurriak hartu ditzala, eta gizarteari dei egin diote larunbatean Zestoan egingo den manifestazioan parte hartzera. Jarraian irakur ditzakezue TSko langileek eman dituzten azalpenak:Tsko langileok, etorkizun beltzaren aldapan abiatu beharrean gaude; enpresa zordunen konkurtsoan dago. Horrela, hilabete gutxitan argitu beharko da bere jarduerak jarraipena duen edo eta itxi egingo den. Enpresako zuzendaritzak proposamen bat egin digu jarduerak jarraipena izan dezan: 50 langile kaleratu, beste 48 urtebetez EREra bidaliz ( aipatu behar da, gehientsuenok ez dugula parorik aurreko EREren ondoren) eta 40 bat lanean egotea nahi du. Baina lanean nola? Inongo eskubiderik gabe! soldata jaitsiera, lanik ez eta 100 ordu gehiago lan eginaraziz, oporraldia lan kargarik ez dagoen hilabeteetan... beldurtzekoa da oraingo honetan ere Enpresak lortu nahi duena.

Guzti hori ikusirik, gure egoera oso oso larria da. Hiru hilabeteetan ez dugu soldatarik kobratu, gu eta gure familiak suntsipen ekonomikora eramanaz. Baina okerrena eta ankerrena, gezur bat bestearen atzetik bota eta gure etorkizunarekin jolasean ari direlaren jakitun izatea da.

2013ko urtarrilan sinatu genuen, eta besteak beste hurrengo bi urteetan inor kaleratuko ez zela zioen akordioa baliogabetu nahi du TSko zuzendaritzak, eta aspaldiko bere nahiak asetzeko planarekin aurrera darrai, oraingo honetan bertoko langile guztiok bazterketa sozial batera garamatzalarik. Aurrez aipatu bezala, kaleratua izango litzakeen langileak langabezia prestaziorik gabe edota prestazio urriekin ekin behako bailioke langabe bizimoduari. Lotsagarria.

Hau gutxi balitz, Enpresaren etorkizunaren errudun egin nahi gaituzte bazter guztietatik, eta hori EZ DUGU ONARTZEN eta EZ DUGU ONARTUKO!

-Eurak dira langileen esfortzuan eta prekarietatean soilik oinarritzen den bideragarritasun plana aurkeztu zigutenak, eurentzako kosturik izan gabe eta etorkizunik bermatu gabe.

-Eurak dira langileengan zatiketa bilatu nahian gezurrak eta era guztietako jukutriak erabiltzen ari direnak.

-Eurak dira gure eta gure etxekoen etorkizunarekin jolasean ari direnak.

-Eurak dira, guk egiten dugun mugimendu bakoitzeko POLIZIA bidaltzen digutenak, gure hitza eta desadostasun ekimenak KRIMINALIZATUAZ. Baina zoratu egin al gara?

Langileok garbi dugu, TS bizi dadin nahi dugula, bertan lan egin nahi dugula eta enpresaren aldeko apustu argia egiten dugu. Behin eta berriz ari gara horretan, baina ez dugu onartuko adar jotzea bata bestearen atzetik. Delitua al da gure sendien etorkizuna defendatzea? Delitua al da gure lanpostuen defentsan aritzea? Beste gizarte mota batean pentsatzea al da delitu? Langileak gara, ez kriminalak.

Gauzak honela, Eusko Jaurlaritzari zera eskatu nahi diogu: Plan industrialik ezaren aurrean eta ematen ari den desmantelamendu industriala ikusirik, hau guztiaren aurrean bitartekoak jar ditzala eta euren jukutriak libreki eta lasai burutzen ari diren enpresarien aurrean neurriak hartu ditzala.

Besterik gabe, Urtarrilaren 18rako Zestoako plazatik hasita lanpostuen aldeko eta itxiera arrisku erraldoiaren protestan burutuko dugun MANIFESTAZIORA gonbidatu nahi zaituztegu. Eta ezin eskerrak eman gabe utzi atxikimendua eman duzuen eta ematen ari zareten jende eta eragile guztiei. Eskerrik asko eta larunbat arte.

Zestoan, 2014ko urtarrilaren 16an.