Miamiko frontoian zumaiarrek agintzen dute

Baleike 2014ko urt. 10a, 13:41

[/caption]

Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek ikaragarrizko udako denboraldia egin dute beste behin, eta bien artean jaso dituzte Miami Jai Alaiko sari guztiak. Lopezek Most Wins titulua irabazi du, bera izan baita azken bost hilabetetan kiniela gehien irabazi dituen pelotaria: 150, hain zuzen ere. Bigarren lekuan Goikoetxea geratu da 135ekin eta hirugarren berriz, Beñat Santiso atzelari berriatuarra, 103 garaipenekin. Buruz buruko txapelketan berriz, Goikoetxea izan da nagusi.

Lopezek azken hilabetera arte borrokatu du titulua irabazi nahirik, baina azkenean etsi egin behar izan du, ez baitago, momentuz, Goikoetxea buruz buru menderatuko duenik. Gauzak horrela, Goikoetxeak jaso du Buruz-buruko titulua txapelketa honetan 38 kiniela irabazita, Lopez bigarren izan da (31) eta Aritz Erkiaga Ispasterkoa hirugarren (18).

Binakako Txapelketan, Aurrelari Onenaren titulua ere irabazi du Goikoetxea handiak. Kasu honetan gainera, aurkari nagusia bere anaia izan du, Luis Osa. Iñakik 28 kiniela irabazi ditu titulua eskuratuz, Luis-ek 19 eta Aritz Erkiagak 17. Atzelari Onenaren titulua azkenik, Lopezek jaso du. 31 kiniela irabazi ditu binakakoan zumaiarrak, Manu Ladutxe lapurtarra bigarren izan da 20 garaipenekin eta hirugarrena Juan Mari Fundazuri durangarra, 14 kiniela irabazita.

Denboraldi honetan, 600 kiniela baino gehiago jokatu ditu Miamiko 36 pilotarietako bakoitzak. Pilotariek eurek esaten duten bezala, kiniela sistema psikologikoki oso gogorra da. Denboraldi osoan maila oso onean egotea eskatzen du, beti goian egon behar da pilotaria tituluren bat irabazi nahi badu, eta zesta-puntan, Goikoetxea eta Lopez egiten ari direna historikoa da.

Aipatzekoa da eskualdeko gainerako pilotarien lana ere. Goi-goian jokatzen dute Unai Zinkunegi eta Luis Osak ere. Luis-ek 85 kiniela irabazi ditu orotara udako denboraldian, eta Zinkunegik 82.

Dagoeneko, neguko denboraldiari ekin diote Miamin eta horretan jardungo dute hurrengo sei hilabeteetan.