Erribera kalean Gabonetako argirik jarri ez delako kexu dira bertako merkatariak

Baleike 2013ko abe. 19a, 12:53

Erribera kalean Gabonetako argirik jarri ez dela eta kexu dira inguru hartako merkatari eta tabernariak, eta bihar 19:00etan argiak itzaliko dituzte, bost minutuz, protesta modura. Udalak dio ez dagoela herri osoa argiz apaintzeko dirurik eta ez litzatekeela bidezkoa bereizketarik egitea. Ohar baten bidez zabaldu dutenez, Erriberako dendari eta tabernariek ez dute ulertzen taberna eta denda gehien biltzen dituen herrigunean Udalak zergatik ez duen Gabonetako argirik jarri. Haien iritziz, argiekin Gabon giroa sustatzen da eta horrek lagun diezaioke beheak jota dagoen merkataritzari. Hori dela eta, bihar, ostirala, denda eta tabernetako argiak itzaliko dituzte 19:00etan, bost minutuz. Moila aldeko dendari eta tabernariek bat egin dute ekimenarekin.

Udalak jakinarazi duenez, ez dago dirurik lehen bezala herri osoa argiekin apaintzeko. "Aurrekontu handia da, krisian gaude, eta gauza gehiago ere egin behar dira", azaldu du alkateak. Hala ere, gogoratu du merkatarien ordezkariekin adostu direla Gabonetako ekintzak. "Iaz karpa jarri zen argien ordez, eta merkatarien ordezkariekin baloratu da karparik ez jartzea eta argietara itzultzea. Argiak jarri dira Zubitxikian, herriko bi zatiak lotzen diren lekuan, Amaiako Plazan eta Alaien zuhaitzak; Forondan, herriko toki askotatik ikusten den lekuan, zorion ikur bat eta beste bat Oikian, eta horretaz gain eraikin publiko batzuk argiztatu dira: Arritokieta, parrokia, udaletxea eta Foronda. Aurrekontuak ez du gehiagorako ematen, eta ez litzateke bidezkoa argiak kale edo gune jakin batean bakarrik jartzea, soilik inguru horretako merkataritza sustatzeko".