"Urduri samar egongo naizela badakit, baina saiatuko naiz disfrutatzen"

Baleike 2013ko abe. 13a, 09:22

Zumaiako bertso eskolaren sortzailea. Bertsolaritza hezkuntzan txertatzen aitzindaria. Doinuen biltzailea. Bertsozalea. Bertsolari txapeldunari Joanito Dorronsorok jarriko dio txapela igandean. [Berria-k gaur argitaratu duen elkarrizketa]

Negu bezperako arrats gozoaren tankerako hizketa gozoa dauka Joanito Dorronsorok (Ataun, Gipuzkoa, 1936). Badaki urduri egongo dela igandean, txapela txapeldunaren buruan jartzeko orduan, baina «egunaz gozatu» nahiko luke, beste ezeren gainetik. Zortzi finalistak ditu gustukoak. Haiengan, bertsozaleengan eta duela pare bat aste hildako Manuel Mari Garate lagunarengan izango du gogoa: «Zumaiako bertso eskolan hasieratik lanean aritua eta lan asko egindakoa». Zumaian bizi da aspaldian Dorronsoro. Azken lau txapelketetan Zumaiako finalista bat egon zen. Aurtengoan ez da hala izango.

Behin txapela jartzeko aukera izango eta Jon Maia ez da oholtzan izango...

Zer kasualitatea den, zer kasualitatea! Aspaldian fijo samarra zen finalean, baina zer deskuido edo, ez zuen asmatu... Niri, berriz, burutik pasa ere ez zitzaidan egiten halakorik egokituko zitzaidanik, eta nirea parean tokatu eta harena ere bai. Lastima dut.

Ondo asko ezagutzen duzu Jon Maia bertsolaria. Zer-nola ikusi zenuen finalerdiko saio hartan?

Ikusten nuen ez zebilela ondo. Hutsegite nabarmenik ere ez nion ikusi. Zenbait ariketatan denbora asko pasa zuela konturatu nintzen. Edozein moduz, bertso saioetan geroz eta gutxiago epaitzen dut... Lasai zegoela ikusten nuen, baina ez zuen bertsotan egiten, ez zuen atera berak duen indar poetikoa. Hala ere, ez nuen uste hain nabarmen geratuko zenik kanpoan, aurrera egiteko inolako aukerarik gabe.

Zer-nolako bilakaera izan du Jon Maiak mutil koxkor zela zurekin bertso ikasten hasi zenetik?

Gurekin lehen pausoak eman zituen, oinarri-oinarrizko gauzak ikasi zituen, teknika, ohitura, plaza... Ordurako ikusten zen plazagizona zela, baina gerora norberak lan handia egin beharra dauka, eta hori egin du Jonek. Bidea eman bai, baina norbera egiten da artista. Ordutik lan handia egin du, eta bilakaera handia izan du.

Jon ez egotean zeini jarriko zenioke gustura txapela?

Zortziei jarriko nieke gustura, dudarik gabe. Denak ditut gertuko eta gogoko. Edozeini. Ez nuke bereizketarik egin nahi.

Bertsorik ez duzula kantatuko esan duzu. Ez zara animatuko?

Ez, ez dut kantatuko. Hala moduz kanta nezakeen, baina ez naiz bertsolaria, eta ez dut ikusten neure burua horretan. Nik neure eginkizuna garbi ikusten dut: bertsozale guztien izenean, Bertsozale Elkarteak aukera emanik, bertsolari txapeldunari txapela jartzea, merezi duen horri txapela jartzea. Protagonistak bertsolariak dira.

Gozatuko duzu egunaz?

Nahi nuke. Nire asmoa hori da, ahal den guztia disfrutatzea. Urduri samar egongo naizela badakit, baina saiatuko naiz hori guztia albora uzten, eta ahal den gehiena disfrutatzen.

Zer-nolako eguna espero duzu. Ezer berezirik egingo duzu goizean?

Ez, ezer berezirik ez. 08:30ean dugu autobusa Zumaiako bertsozaleok. Emaztea eta biok joango gara. Lagun artean pasatuko dut eguna. Nik neure burua batik bat bertsozaletzat jotzen dut, eta bertsozale artean pasatuko dut eguna.

Bertsolaritzaren egun handiena da askorentzat. Bertsolaritzak lehia behar du?

Aspalditik buruan dabilkigun galdera da hori. 80ko hamarkada hasieran bertsolaritzaren inguruan mugimendua sortzen hasi zenean ere planteatu genion geure buruari. Autoeraketa bat sortu behar genuela garbi genuen 1980 inguru hartan. Autoeraketa horren barruan arduradunak behar ziren lurraldeka. Eta eskolarteko txapelketak ere antolatu genituen. Eta hor sortu zen galdera. Umeak txapelketan sartzea bultzatu behar al dugu? Asko eztabaidatu genuen, baina erabaki genuen, hala ere, alde txarrak izanagatik onak ere bazeuzkala... Nik asko sufritu izan dut, zenbait ume taularen gainean sufritzen ikustean, ezinean. Baina, alde onak asko ditu, zaletasuna bultzatzeko, plazetan kantatzeko ohitura hartzeko eta abar.

Zu zeu noiz bertsozaletu zinen?

Apaiz egin eta 23 urte nituela Gaintzara joan nintzen, Goierriko herri txiki polit batera, eta oso bertsozalea zen herria eta ingurua. Gogoratzen naiz gazte jendearekin tabernara joan eta puntuka aritzen ginela. Festetan, Basarri eta Uztapide eramaten genituen. 60ko hamarkadan bertakoentzat ikuskizun izugarria zen hura.

Besteak beste bertso doinuak biltzen lan handia egindakoa zara. Egun doinutegi zabala erabiltzen da. Hala ere, askorentzat bertsolari belaunaldi berriek ez dute lehengoek bezain ondo kantatzen. Baina egun ere badira belarri finekoak eta kantaera gozokoak.

Bai, bai, badira egun belarri onekoak eta ondo kantatzen dutenak ere bai. Kasualitatea da akaso, baina bertsolari ona dena kantari ona da gehienetan. Entzulearengana iristen asko laguntzen du kantaerak, eta ikusten da bertsolari ona dena kantari ona dela. Oso garrantzitsua da ondo kantatzea, nahiz eta hori zehatz baloratzerik ez den sekula egongo. Gaur egun asko daude; bat botatzearren, hor dago Unai Agirre. Ni zahartzen hasia nago; batez ere lehengo bertsoak eta bertsokerak aztertu izan ditut, eta Unaik badu lehengo estilorako joera, eta kantatzeko modu hori asko gustatzen zait. Amets Arzallusek ere oso ondo kantatzen du, edo Mantxik [Iñigo Mantzizidor]. Maialen Lujanbiok nola kantatzen duen ere asko iristen zait.

Zumaiako bertso eskolaren sortzailea eta bertsoa eskolan irakasten ere aitzindari. 30 urtetik gora igaro dira. Zein erronka du orain bertsolaritzak hezkuntzari dagokionez?

Ez dut asko jarraitzen egun nola dagoen bertso irakaskuntza. Gure ametsa zen eskola guztietan bertsolaritza irakastea. Gaur asko eta askotan irakasten da.

Zuek zenituzten helburuak bete dira, hortaz?

Bai, ikastolaren mugimenduarekin oso loturik joan da bertso irakaskuntzarena eta bertsoarena bera. Irakaskuntzan bertsoa irakatsi ahal izateko, niri egokitu zitzaidan umeentzat biltzea bertsoen antologia bat. Hor sartu nintzen buru-belarri, bertsolaritzaren historiako bertso onenak biltzen. Gida bat ere atera nuen irakasleentzat hura nola irakatsi azalduz, eta ikastaro batzuk ere antolatu genituen Ikastolen Federazioaren bultzadaz. Orduan irakasleak trebatzen genituen, baina gutxi ziren. Gaur egun daude horretarako prestaturiko bertsolariak, metodoa askoz ere landuagoa dute, eta asko zabaldu da kontua, baita lurraldeei dagokienez ere. Gaur oso jende preparatua dago eta baita aurrekontu polit bat ere horretara eskainia.

Zuk nola bizi duzu orain bertsolaritza, bertsozaletasuna?

Distantzia pixka batekin. Zumaiako bertso eskola jarraitzen dut pixka bat, bertso saioak entzuten ditut, baina ez dut gertu-gertutik segitzen. Gustatzen zait, zalea naiz, baina ez garai bateko berotasunarekin.