'Hiru' komedia ikusteko sarrerak dauzkagu

Baleike 2013ko abe. 11a, 10:04

Ostiralean Hiru komedia eroa ikusteko aukera izango da Aita Marin (22:00etan), Txalo produkzioak konpainiaren eskutik. Juan Carlos Rubioren testu batean oinarritzen da Begoña Bilbaok zuzendutako lana, eta Loli Astoreka, Miren Gojenola, Ana Elordi eta Zuhaitz Gurrutxaga dira aktoreak. Baleikeko bazkideentzat hiru lagunentzako bina sarrera dauzkagu.

Adela, Nekane eta Maitek ez dute elkarren berri izan joan deneko hiru hamarkadetan, hain zuzen ikasketak amaitu zituztenetik. Lagun minak, separaezinak ziren, bizitzaren joan-etorrian, bakoitzak bere bide eta esperientziei ekin zien arte.

Tenore honetan, berrogeita hamarrak betetzeko trantzean, gauza bat dute argi eta garbi: zein baino zein bakartiago bizi direla, hirurak ere, ama izateko ametsa erdietsi gabe. Berandu ote? Eta gustuko gizona aurkituko balute? Eta gizon horrek hirurak haurdun utziko balitu? Benetako familia bat osa lezakete...

Amesturiko gizon-katxarroarekin egin dute topo eta galdera nagusia dator jarraian: "Hiru espermatozoide utziko al zenizkiguke". "Hiru" antzezlana komedia zoro-dibertigarria da; arrakasta handiko ibilbidea egin du Txile, Puerto Rico, Costa Rica, Estatu Batuak eta Espainiako antzokitan.

Sarrerak salgai daude Turismo bulegoan, 9 euroan (sei euro gazte txartelarekin).

Baleikeko bazkideen artean zozkatzeko sarrerak dauzkagu. Parte hartzeko, bidali mezua zure datuekin aldizkaria@baleike.com helbidera.