Joan den asteburuan jokatu zuten Zumaiako txirrindulariek pistako denboraldiko lehen proba. Aitor Olaziregik estreinakoa izan zuen maila gorenean Hyundai-Caja Rural taldearekin. Mailari neurria da aurten helburua. Bere aldetik, Gorka Etxabek, Haritz Eizagirrek, Eider Unanuek eta Eider Manzisidorrek maila bikaina erakutsi zuten. Bihar, igandea, jokatuko da bigarren jardunaldia. Beti bezala, Arritxu Iribarrek egin digu kronika:Belodromoko lehenengo jardunaldia beti arriskutsua izan ohi da. Txirrindulariak urduri egoten dira, sasoi puntuarekin zalantza asko izaten dituzte eta nor den zaindu beharreko aurkaria artean oso garbi ez. Gauza asko kontrolatu behar eta galdera asko erantzuteko, baina denboraldiko lehena ez zen txarra izan ziklista zumaiarrentzat.
Aitor Olaziregi, aurten Hyundai-Caja rural taldean, Open mailan leihatu zen. Karrera oso gogorrak izan ziren Espainiako selekzioko ziklistak baitzeuden eta profesional ugari ere bai, eta haiek jarri zuten erritmoari eusten nahikoa lan; baina duintasunez defendatu zuen bere burua. Oraindik sasoiko ez dago eta besteak sasoi bete betean; beraz, pazientziaz hartu behar da eta ikasi denboraldi honetan.
Gorka Etxabe eta Haritz Eizagirre Viveros San Antongo txirrindulariek maila ona eman zuten. Gorka Etxabek podiuma ere zapaldu zuen, eta Haritz Eizagirrek lan itzela egin zuen taldekideak errematatu ahal izateko.
Nesketan Eider Unanuek oso indartsu ekin dio denboraldiari, bera izan zen mutilei eusten bakarra eta Eider Manzisidorrek bere estreinaldian erakutsi zuen ausarta dela, ez zen kikildu mutil kadeteen artean Donostiako belodromoko peralte beldurgarrian.
Igandean bigarren jardunaldia jokatuko da; lehenengoan izandako parte hartzaileen kopuruari eta mailari eutsi ez gero, jardunaldi dotorea izango da.