'Banden Lehia'-ko finalean joko du gaur Isekak

Baleike 2013ko aza. 29a, 10:42

[/caption]

 

Euskal Herriko musika talde berriei bultzada ematea da Banden Lehia lehiaketaren helburua. Bosgarren aldia du aurtengoa eta gaur gauean izango da lau onenen arteko finala , Bilborocken. Tartean da Iseka talde zumaiarra. Irabazlearentzat sari potoloa: 2014ko BBK Live-n jo eta aukera diskoa grabatzeko aukera.

Lehiaketara 24 talde aurkeztu ziren, eta lehen fasean zaleek aukeratu dituzte bi onenak, internet bidezko bozketan; finaleko beste biak epaimahaiak izendatu ditu. Hain zuzen ere, Iseka izan da zaleen boto gehien jaso duen taldea (3.472), Ukan taldearen aurretik (3.113). Bi hauekin batera, epaimahaiak Eskean-Kristö eta Urgatz taldeak aukeratu ditu. Finala 20:00etan hasiko da eta talde bakoitzak 20 minutuko saioa egingo du. Irabazlea bozketa bidez erabakiko da. Kontzertua amaitu bezain pronto telefono zenbaki bana jakinaraziko da taldeen alde bozkatzeko. Dei gehien jasotzen dituenarentzat izango da sari nagusia.

Duela bi urte hasi ziren elkarrekin jotzen lau gazte hauek: Mikel Larrañaga (ahotsa eta gitarra); Abel Armendariz (gitarra eta koroak), Iosu Alberdi (baxua) eta Julen Garcia (bateria eta koroak).

Gaztetxean eman zituzten bere lehenengo kontzertuak, eta dagoeneko bide polita osatu dute, kontzertuak han eta hemen jotzeko aukerarekin. Gainera, udan sei kantaz osatutako estreinako diskoa argitaratu dute, beraiek sortutako doinu eta letrekin. Zaleen erantzuna oso ona izan da, dagoeneko ale gutxi batzuk baino ez baitira gelditzen saltzeko. Rock musika da beraiei gustatzen zaiena, eta Foo Fighters edota Berri Txarrak-en tankerako taldeak dituzte gustuko.

Hemen entzun ditzakezue taldearen lau kanta: Iseka