'Suite diskoa' aurkeztuko dute larunbatean Musika Bandak eta San Pedro Abesbatzak

Baleike 2013ko aza. 27a, 15:41

Suite disko grabatu berria aurkeztuko dute larunbatean Zumaiako Musika Bandak eta San Pedro Abesbatzak, San Pedro parrokian 20:30ean eskainiko duten kontzertuan. Elkarlanaren fruitua da Suite, urriaren 13an Andoaingo Garate estudioan grabatutakoa. Diskoak bost obra jasotzen ditu: Tomas Aragüesen Suite de Navidad eta Suite Clásica, Xabier Sarasolaren Ave María eta Iker Gonzalez Cobeaga zumaiarraren Amalur eta Itxaso ta Eguzkia. Diskoaren 500 argitaratu dituzte, eta larunbatean bertan egongo da eskuratzeko aukera, hamar euroan. Ondoren turismo bulegoan jarriko dituzte salgai. Larunbateko kontzertuan, obrak zuzenean jotzeaz gain, bideo bat ere erakutsiko dute, grabazio lanak nola izan diren ikusteko. Hemen daukazue trailerra. Horrez gain, Itxaso eta Eguzkia obraren pasarte bat entzun dezakezue. Azaroko Baleike aldizkarian erreportaje zabala daukazue gaiaren inguruan.