"Langileok ezin dugu TSren ultimatuma onartu"

Baleike 2013ko aza. 27a, 11:29

[/caption]

Langileek ez dute onartuko TSko zuzendaritzak egindako azken proposamena. "Ezin dugu, ez dago baldintzarik akordio batera iristeko", aurreratu digu ELAko ordezkari Miguel Romerok. "Enpresak konkurtsora joko du eta badakigu hori ez dela batere ona, baina ezin dugu besterik egin". Zuzendaritza lan kargarekin jokatzen ari dela uste dute langileek. "Lan karga akziodun nagusiaren beste fundizio batzuetara ari dira desbideratzen gu estutzeko".

Enpresa itxiko duela iragarri du zuzendaritzak ez bada proposamena onartzen

TSko zuzendaritzak emandako ultimatumaren aurrean erantzuna oso garbi daukate langileek: "Ez dugu onartuko, ezin dugu onartu. Enpresaren bideragarritasun ekonomikoa soilik gure lan baldintzen lepotik konpondu nahi dute; ez dute inolako plan industrialik aurkeztu". Langileentzat negoziaezinak dira 50 kaleratzeak. "Prest gaude akordio batera iristeko, baina ezin ditugu 50 kaleratze onartu. Guk uste dugu ez dagoela plantila murriztu beharrik, denontzako lana dagoela. Iaz 20.000 tona atera genituen, aurten 11.500; zuzendaritzak esan zuen 14.000 tonarekin bideragarria dela enpresa. Arazoa da lana desbideratzen ari direla, lanik gabe utzi nahi gaituztela".

2012ko martxoaren 13an botere aldaketa gertatu zen TS Fundicionesen jabegoan. Nagusi berrien jokaerak zerikusi handia omen du TSk azken hilabeteotan izan duen gainbeheran. "Sorazuk beste bi fundizio dauzka, bat Itziarren eta bestea Agurainen. TSn nagusitu baino lehen ia itxita zeuzkan biak, lanik gabe; gu lanez nahikoa ondo genbiltzan. Orain kontrakoa da egoera, haiek lana dute eta gu lanik gabe. Eolikoaren sektorean onenak izan gara, izen handiko bezeroek gurekin egin nahi dute lan, baina lana TSra ekarri beharrean Itziarrera eta Agurainera ari dira desbideratzen. Lehengairik ere ez digute ekartzen, geldirik egon gaitezen". Langileek garbi daukate jabeen estrategia. "Gu estutzeko ari dira hori egiten, lan kargarekin ari dira jokatzen. Itziar eta Aguraingo langileak pozik egongo dira lan gehiago dutelako orain, baina egon daitezela erne, ondoren haren txanda etorriko da eta".

Erabakia garbi dute, eta mobilizazioekin jarraituko dute: "Hau dagoeneko ez da lan gatazka bat, gatazka soziala da; 150 familia gaude inplikatuta".