Udalak ohar hau bidali du Antonio Tapiaren heriotzaren harira: Atzo, azaroak 20, utzi gintuen Antonio Tapiak urte luzez gure kide izan denak. Zumaiako Musika Patronatuak eta Udalak samina azaltzeaz gain, bere esker ona ere adierazi nahi dute. Urte luzez Udal musika bandako zuzendari izan zen Tapia, eta urte luzez herriko txoko guztiak betetzeko lan egin zuen. Zumaiako herria, Udala eta Musika Patronatua harro gaude, herriaren alde Tapiak egindako lan guztiagatik. Hori guztia eta gehiago dugu zuri eskertzeko, eta zuk markatutako bidean aurrera egingo dugu, hori baita zure lana eskertzeko modurik onena. Xixili egun bezperan utzi gaituzu. Aurtengoan ere hartuko du egun hauetan musikak herria, eta zurekin gogoratuko gara. Zugatik ospatuko dugu aurtengoan.